argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren alde mobilizatuko dira Bilboko Aste Nagusian
  • Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatu du Aste Nagusian Israel borrokatu lelopean. Bilboko Aste Nagusiaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, egingo dute mobilizazioa.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 14a
Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Bilboko Konpartsek egindako agerraldia, asteartean, Bilbon. Argazkia: Palestinarekin Elkartasuna

Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazioa deitu du ostiral honetarako. Euskal Herriko hiriburuetan zein beste herri eta auzoetan mobilizazioak egin ostean, Bilboren txanda dela azpimarratu du plataformak, asteartean Konpartsekin batera, egindako agerraldian. Plaza Eliptikotik abiatuko dute manifestazioa, 19:00etan, Aste Nagusian Israel borrokatu leloarekin.

“Jaiak aldarrikapen desberdinak sozializatzeko beste gune bat dira”, ohartarazi dute Innmaculada Gracia eta Josu Lagos Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek. Kaleetan mobilizatzen jarraitzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute: “Herri palestinarraren kontrako genozidioa salatzeko, bere konplizeak salatzeko eta erresistentzia palestinarrari elkartasuna adierazteko". Horretarako, Bilboko Konpartsei aldarrikapenekin jarraitzeko hainbat baliabide eman dizkiete: banderak, pegatinak, palestinar herriaren borroka ikusarazten duten abestiak...

Palestinarekiko elkartasun mugimendua Euskal Herrian zein mundu osoan jasaten ari den “errepresioa eta kriminalizazioa” salatu dute. Epaiketa eta isunei aurre egiteko, abuztuaren 17an, 20an eta 23an banderak, kamisetak eta postalak salduko dituzte Zamudioko Atean, 12:00etatik 14:30era. Horrez gain, elkartasun itsulapikoak ere jarriko dituzte hainbat txosnatan.

Bilboko Aste Nagusian ez dute jarrera matxista, arrazista eta LGTBIfobikorik onartuko

Komun publikoetan larrialdi telefonoekin pegatinak jarriko dituzte aurten ere. Gainera, arreta eta laguntza eskainiko duten taldeak ere egongo dira txosnetan, erasoren bat dagoen kasuan laguntza emateko. Poliziak 24 orduko arreta eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du, bederatzi egunetan.

Erasoen aurkako protokoloa eguneratu dute Bilboko Konpartsek merkataritza eta ostalaritzako elkarteekin batera. Konpartsetako kideek argi utzi dute "erasorik gabeko jaiak" nahi dituztela, eta gogoratu dute txosnak "aterpe segurua" izango direla “edozein modutako erasoa” jasaten duen edonorentzat.