argia.eus
INPRIMATU
Palestina ardatz duten bi ikuspegi kontrajarri, Oscarretara
  • Palestinarenari buruzko bi luzemetrai daude izendatuak Oscarretako dokumentalik onenaren sarirako: 5 Broken Cameras eta The Gatekeepers. Bi filmeek, ordea, gatazkaren txanponaren bi aldeak islatzen dituzte. Lehenak, Zisjordaniako Bil’in herriko biztanleek israeldar armadari eginiko erresistentzia jorratzen du. Bigarrena, aldiz, Israelgo barne-segurtasun agentziako zuzendari ohien testigantzetan oinarritzen da gatazkaren argazkia osatzeko.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 22a
5 Broken Cameras filmeko azaleko irudia (argazkia: newwavesfilm.co.uk)

5 Broken Cameras filma ezustean kazetari ekintzaile bihurtutako kameralari palestinar Emad Burnat-ek zuzendua da, Guy Davidi israeldarrarekin batera. 2005ean bere semearen jaiotza grabatzeko intentzioz erosi zuen kamerarekin hasi zuen hura, bere inguruan jazotzen ari zen oro filmatu beharrarekin amaitu zuen Burnatek. Israelgo armadak filmaren euskarri izan diren bost kamerak hautsi egin zizkion bata bestearen atzetik, hortik dokumentalaren izenburua: 5 kamera apurtu.

Burnat, Hollywood-eko akademiak sarietarako izendatu ostean, asteartean Los Angelesera iritsi zenean, AEBetako immigrazio zerbitzuek atxilotu zuten bere emazte eta semearekin batera. Ordu gutxi barru aske utzi bazuten ere, gertakizunak kritikak eragin zituen. Bat aipatzearren, Michael Moorek zera salatu zuen Twitter bidez: “Ikusten denez, Immigrazio agenteek ezin dute ulertu nola izendatu dezaketen palestinar bat Oscar sarietarako”.

The Gatekeepers doumentalak, bestalde, Shin Bet segurtasun agentziako sei zuzendari ohiri egindako elkarrizketak jasotzen ditu. Elkarrizketatuek, oro har, politika israeldarrarekiko eta Palestinaren okupazioarekiko desengainua adierazten dute, eta etorkizunari beldurrez begiratzen diote. Elkarrizketatu hauek izen-abizenarekin eta aurpegia agerian ageri dira filmean; hainbatek diotenez, horrelako karguetan oso ohikoa ez den gauza.

Informazio gehiago, Axier Lopezen Begizta.net blogean.