Orain artean ezezagunak ziren eta Nafarroan aurkitutako zaharrenak lirateke. Hori dela eta, Aranzadik leize ondoko harrobiko jarduerarekin ez jarraitzea gomendatu du.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Nafarroako Gobernuaren enkarguz egindako ikerketa batek agerian utzi du Paleolito garaiko grabatuak daudela Alkerdi II lezean. Orain artean ezezagunak ziren eta Nafarroan aurkitutako zaharrenak lirateke. Hori dela eta, Aranzadik harrobiko jarduerarekin ez jarraitzea gomendatu du. Aurkikuntza berriei Nafarroako Kultur Ondarearen Foru Legea aplika dakieke; hark Kultur Intereseko Ondasun izendatzen ditu labar-arteko adierazpenak dituzten kobak, aterpeak eta tokiak. Hori dela eta, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Kultur Ondarearen Ondasunen Erregistroan inskribatu du lezea, Kultur Intereseko Ondasun gisa eta Arkeologia Eremu kategoriarekin.
Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak jakinarazi zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketaren emaitzak. Alkerdiko mendigunearen eta sistema karstikoaren karakterizazioari buruzkoa izan da txostena eta harrobiak zuzenean kaltetutako eremua aztertu dute. Hiru kilometrotako leze galeriak kartografiatu dituzte eta aztarna gehiago atzemateko aukera ere oso handia omen da. Harrobiak lanean segitzeko aukerak kezka larria eragiten diela ere adierazi dute «harrobiaren lanak Alkerdi II lezean labar artea duen paretatik 24 metrotara daude eta leze horretan jadanik harrobiak eragindako kalteak ageri dira «mota guztietako infiltrazioak eta industria gaiak aurkitu ditugu. Baldintza hauetan ezin da bermatu lezearen iraupena eta gainera, Europako Batasunak ondare arkeologikoa babesteko hartzen dituen neurri guztien aurka doa».
Egun, Marmoles de Baztan enpresak dauka harrobia ustiatzeko baimena eta ofizialki zulaketa eta leherketako lanak etenda daude. Abuztuan, baina, enpresak Gobernuari lanei metodo berriekin berriz ekiteko asmoa adierazi zion eta Ana Herrera Kultura kontseilariak «lanak bertan behera uztea komeni» zela azaldu zion arren, abuztuaren 25ean legeei planto eginez harrobiak lanean segitzen zuela salatu zuen SOS Alkerdik.
Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra