Ortzegunean 10:00etan dute hitzordua Nafarroako Auzitegi Nagusian eta ordu erdi lehenago elkarretaratzea deitu dute
Joan den ereiaroan Elizondoko plazan Aroztegiko proiektu urbanistikoaren kontra egindako Komantxeen kanpaldiarengatik, Palacio de Aroztegia enpresak Baztango Udal Gobernuko bortz kideen aurka salaketa paratu zuen. Hain zuzen, Joseba Otondo alkatea, Mikel Ortega alkateordea, Maite Iturre, Florentino Goñi eta Iñigo Iturralde zinegotziak salatu zituen eta, orain, ortzegun honetan, Nafarroako Auzitegi Nagusian epailearen aitzinean deklaratu beharko dute.
Ez da lehendabiziko aldia Palacio de Aroztegia enpresak Baztango udal hautetsien aurka salaketa paratzen duena, aitzinekoetan Garbiñe Elizegi eta Joseba Otondo alkateen aurka judizialki jo izan baitu. Salatutakoen deklarazioa ortzegunean 10:00etatik aitzinerat hasiko da Iruñean Nafarroako Auzitegi Nagusian. Lehenago, 09:30ean, toki berean elkarretaratzea eginen da Jazarpen judizialik ez. Aroztegia gelditu lemarekin.
Joseba Otondo alkateak salatu duenez «Palacio de Aroztegiak baztandarrak hankapean hartu nahi ditu, Baztango erakundeak suntsitu eta herri-lurrak bereganatu. Eta beraien erranetara ez makurtzeagatik, izutu nahi gaitu. Baina herritarren alde zutik segituko dugu, ez gaituzte menpean hartuko».
Albiste hau Erran.eusek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.