Arma nuklearrak uzteko keinua egin du Imran Khan Pakistango lehen ministroak Fox News-ekin izandako elkarrizketan. Donald Trumpekin elkartu da aste honetan Khan, eta India eta Pakistanen arteko gatazka izan dute elkarrizketaren erdigunean.
India berdina egiteko prest badago, misil nuklearren armategia deuseztatzeko prestutasuna adierazi du Imran Khan Pakistango lehen ministroak. Horrez gain, Indiako Gobernua negoziaketa mahaian esertzeko eskatu du, Kaxmirreko gatazka historikoari irtenbide bat bilatzeko.
“Pakistan eta Indiaren arteko gerra nuklearraren ideia auto-suntsiketa da; 4.000 kilometroko muga baitugu komunean”, esan du Pakistango lehen ministroak, eta bi herrialdeen arteko erlazioak normalizatzea ekiditen duen oztopo bakarra, hain justu, Kaxmirreko lurralde gatazka dela gehitu du.
Donald Trump tarteko
Pakistan eta Indiaren arteko gatazka konpontzeko Trumpek izan behar duen paperaren inguruan iritzi ezberdina dute bi herrialdeek. Imran Khanen iritziz, Trumpek paper garrantzitsua izan dezake: “1.300 milioi pertsonetaz hitz egiten ari gara. Imajinatu Kaxmirreko kontua konpondu ezkero, bakearekin lortu daitezkeen onura ekonomikoak”.
Indiak alderantzizko iritzia du. Duela gutxi Indiako Gobernuak adierazi du Pakistanekin dituen arazoak aldebikotasunez konponduko dituztela, eta Donald Trumpen interbentzio eskaerari ezezko borobilez erantzun dio.
Kaxmirreko gatazka historikoa
Kaxmirreko gatazkak 70 urte baina gehiago ditu. India eta Pakistan britainiar koroaren barruan zeuden 1945an, Britainiar Raj-a izenekoaren barruan. Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, independentzia mugimenduek indarra hartu zuten Britainiako Inperioaren lurralde ezberdinetan, baita Britainiar Raj-ean ere, eta Britainia Handiak independentzia prozesua berarentzat ahalik eta onuratsuena izatea bilatu zuen. Hala, erlijioaren arabera banatzeko plana diseinatu zuen: Pakistan musulmanentzat, eta India hindu eta sikhistentzat. Bi herrialdeen bereizketak 14 milioi pertsona desplazatzea eragin zuen. Desplazatuen %10a hil egin zela kalkulatzen da, baldintza txarrengatik, eta batez ere, biolentziaren igoeragatik.
Kaxmir bereizketaren eragin handiena jaso zuen eremua izan zen, gehienak musulmanak baitziren. Hau dela eta, Kaxmir bataren edo bestearen menpe izateko bi gerra nagusi izan ziren joan den mendean: 1947an eta 1965an. Munduko eremu militarizatuenetariko bat bihurtu zen; Indiak botere militar handiagoa zuenez, Pakistan talde armatu islamistak bultzatzen hasi zen, eta hainbat atentatu egin dituzte historian zehar.
1971n Indiak Bangladeshen independentzia prozesua bultzatu zuen, eta genozidiotik ihesean zebiltzanak jaso zituen bere lurraldean. 1972an Pakistan arma nuklearrak garatzeko planekin hasi zen, eta 1998an potentzia nuklear bihurtu zen. Bi herrialdeak potentzia nuklear bihurtu ostean, gatazka gelditu egin zen.
Ordutik auzia bere horretan dago, baina ez zaio irteerarik aurkitu oraindik. Aurtengo otsailean tentsioak gora egin zuen berriz, eta orain egoera baretzeko eta gatazka konpontzeko pausuak egiten ari dira bi herrialde asiarrak.