Asteazkenean PSNk eta Navarra Suma alderdiek PAI aurreproiektu legea onartu zuten, eta horren aurka agertu dira hainbat eragile eta sindikatu.
Herenegun Ingelesez Ikasteko Programako (PAI) 350 irakasleren lanpostua egonkortzeko aurreproiektu legea onartu zuten Navarra Sumak eta PSNk. Euskalgintzaren Kontseiluak D ereduaren aurkako erasotzat jo du aurreproiektu lege hau, eta manifestazioa antolatu du maiatzaren 7an, Iruñean, gehiengo sindikalarekin batera.
PAI legea "astakeria" gisa definitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta horren aurrean kaleak betetzeko deia egin du. Gehiengo parlamentarioak aurreproiektu lege hau "berezko hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak desagerrarazteko" erabili duela diote, eta erabilera hau "zitala" dela gehitu du.
PAI Nafarroako hizkuntz eredu bihurtzea "diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea" dela adierazi du LAB sindikatuak, eta hezkuntzako gehiengo sindikala zaiatzaren 7an kalera aterako dela adierazi du. Bestalde, STEILAS sindikatuak dio PAI aurreproiektu legea "plantillak aldatzeko eta interesatzen ez zaizkien irakasleak kaleratzeko tresna juridikoa" dela.
Datorren maiatzaren 7an izango da manifestazioa, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti plazatik abiatuta.