"Esker ona azaldu nahi dizuet gure kausa babesteagatik, uko eginda Jerusalem Okupatuan egingo diren lanetan parte hartzeari", dio Palestinaren Askapenerako Erakundeko (PAE) ordezkari Saeb Erekatek, CAFeko langileei igorritako gutunean.
Izan ere, CAF-eko langile batzordeak Jerusalemgo tranbiaren linea berria eraikitzeko lehia uzteko eskatu dio enpresari. “Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu behar”, azaldu dute langileek.
PAEren hitzetan, CAFeko langileen jokabidea "eredu" da europar langile askorentzat. "Espero dugu zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etikarekin jokatuko dutela", dio. "Palestinarrok esker oneko izango gara beti, ulertzen dugulako zein zaila den era honetako erabakiak hartzea, norberaren lanari eragiten dioten heinean; erakutsi duzue, ordea, ororen gainetik daudela giza eskubideak, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta herrien eta euren langileen arteko elkartasuna".