argia.eus
INPRIMATU
‘Pacificado’ brasildarra eta Arregi, Garaño eta Goenagaren ‘La trinchera infinita’ Zinemaldiko irabazle nagusiak
  • Zinemaldiaren sari-banaketak bi pelikula nabarmendu ditu besteen gainetik: Paxton Winters zuzendari brasildarraren Pacificado-k irabazi du pelikula onenaren Urrezko Maskorra eta beste bi sari ere lortu ditu: Bukassa Kabengelek jaso duen gizonezko aktore onenarena eta argazki onenarena.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko irailaren 28a
Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izan dira gaueko irabazle handietakoak.

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita-k ere beste hainbeste sari lortu ditu.

Zehazki, Euskal zinemaren Irizar saria, gidoi onenari dagokiona eta zuzendari onenen sariak eskuratu ditu Moriarti etxeko pelikulak. Filmaren izaera euskaldun-andaluziarra aldarrikatu dute zuzendariek eta gogoan izan dute aurten zendu zen Juanmi Gutierrez ere.

Duela bi urteko Zinemaldian Handia-k jasotako epaimahaiaren sari berezia izan zen pelikula horren ibilbide arrakastatsuaren lehenbiziko urratsa; aurtengo errekonozimenduarekin La trinchera infinita-k aretoetan hasiko duen ibilbideak bultzada ona jaso du.

Emakumezko aktore onenaren saria bi aktorek ex aequo jaso dute: Greta Fernandezek La hija de un ladron filmean egindako lanagatik eta Nina Hossek The Audition lanean egindakoagatik. Epaimahaiaren sari berezia berriz, Proxima-rentzat izan da.