argia.eus
INPRIMATU
Pablo Milanés abeslaria hil da
  • Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 22a
Milanés 2015ean. Argazkia: David Estrada Larrañeta /FNPI

Azaroaren 14an Iruñean, 30ean Mexikon eta abenduaren 5ean ematekoak zituen kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituen Pablo Milanés abeslariak, ospitalizazio baten ondorioz. 2017tik bizi zen Madrilen Milanés, gaixotasun baten tratamendua jasotzeko.

Silvio Rodriguezekin eta Noel Nicola-rekin batera Kubako Troba Berriaren sortzaile eta adierazle esanguratsuenetakoa izan da Milanés, eta Euskal Herrian ere biziki ezagun eta erreferentziala, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetan. 40 disko baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat sari jaso ditu. Kubako Musika Sari Nazionala eta Bikaintasun Musikalaren Grammy Latinoa, besteak beste.

Kubako iraultzarekin sakon konprometitutako artista izan da, baita egindako "akatsekiko" kritikoa ere. Azken hamarkadetan Kubako iraultzarekiko ahots kritiko nabarmena izan da.