argia.eus
INPRIMATU
Pablo Ibarren bizi arteko kartzela zigorra berretsi du Floridako auzitegi batek
  • Iragan otsailean aurkeztu zuen biziarteko zigorra bertan behera uzteko helegitea Pablo Ibarren defentsak, eta erantzuna pentsatu baino azkarrago etorri da. Floridako Laugarren Distrituko Apelazio Tribunalak atzera bota ditu defentsaren argudio guztiak, eta beraz, zigorra betetzen jarraitu beharko du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko apirilaren 20a
Pablo Ibar espetxean, ezkerretik bigarrena, bere senideekin. (Argazkia: Amnesty International)

Pablo Ibar auzia oso ezaguna da Euskal Herrian, bere familiak eta defentsak uste baitute errudun deklaratu zuen epaimahaiak ez zuela nahiko proba hori erabakitzeko, eta zigortu zutenetik kemen handiz ari direlako hori frogatu nahian. 1994an Floridako Broward konderrian gertatutako hiru hilketa leporatu zizkioten Ibarri eta 2000. urtean errudun jo eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Heriotzaren korridorean hamasei urte egin ondoren, 2016an Floridako Auzitegi Gorenak epaiketa ez zela berme guztiekin egin eta hura errepikatzea agindu zuen. 2019an epaiketa berriz egin zen eta Ibar erruduntzat jo zuten ostera eta bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zioten.

Ibarrek errugabea dela dio, epaiketa berri bat eskatzen du eta orain atzera bota den helegiteak horixe bilatzen zuen. Helegite horretan, errugabetasun hori sostengatzeko hamabi arrazoi aurkeztu zituela adierazi du Ibarren defentsak, baina auzitegiak bakarra aztertu duela salatu du. Bere garaian zigorra eman zuen epaimahaiaren zinpeko baten jarrera aztertu du auzitegiak, hark bere damua erakutsi zuelako emandako epaiaz. Norbait zigortzeko edo absolbitzeko, zinpeko guztien adostasuna behar da.

Orain defentsa pentsatzen ari da helegitea jarriko ote duen Floridako Auzitegi Gorenean, baina adierazi duenez, oraingo epaiak ez du hori errazten, tribunalak gai bakarra aztertuta eman duelako epaia. Horregatik, defentsak eskatuko dio eman dezala bere iritzia gainerako hamaika gaietan ere, horren arabera eraman ahalko duelako epaia Auzitegi Gorenera.

Joe Nascimento abokatua Euskal Herrian dabil

Ibarren aita euskal herritarra da, AEBetara pilotari moduan joan zen eta auziak sostengu handia izan du Euskal Herrian. Hori dela eta, Ibarren abokatu Jose Nascimento Euskal Herrian da egunotan instituzioetako ordezkariekin elkarrizketak egin eta hitzaldiak ematen. Asteazken honetan Nafarroan izan da eta NUPen emandako hitzaldian auziaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nascimentoren esanetan, auziaren mamia bideo bat da, hilketen gertaera osoa jaso zuen bideoa. Horretan oinarrituta zigortu zuten Ibar, baina defentsak beti salatu izan du bideoaren kalitatea oso txarra dela eta hortik ezin dela ondorioztatu bi hiltzaileetako bat Ibar denik. Aitortzen du hiltzaileetako batek Ibarrekin antza duela, baina zehazten du hori ez dela nahikoa pertsona bat zigortzeko.

2016an Espainiako La Sexta telebista kateak orduko Ibarren abokatu Benjamin Waxman elkarrizketatu zuen eta hark bi pertsonak hiru lagun hil zituzten bideoa erakutsi zuen.