Espainiako errege ohi Juan Carlos I.ari buruzko abesti batzuengatik espetxean sartuko duten Pablo Hasél musikari lleidarrari, joan den ostiralean amaitu zitzaion kartzelan bere borondatez aurkezteko epea. Bederatzi hilabete eta egun bateko zigorra ezarri diote terrorismoa goratzea eta koroa iraintzea egotzita. Azkenean, Hasélek erresistentzia egingo du bere atxiloketa zailtzeko.
"Lleidako unibertsitatean itxialdia abiatu dut solidario ugarirekin eta txikitu egin beharko dute ni atxilotu eta espetxeratzeko. Rambla d'Aragó-ko errektoretzan da, norbaitek esku bat bota nahi badigu", adierazi du abeslariak berak sare sozialetan.
Bitartean, berarekin elkartasunez sorturiko plataformatik jendeari dei egiten ari dira bertara joateko eta erresistentzia antolatzeko.
🔴 ATENCIÓ, MOLT IMPORTANT: ENS TANQUEM AL RECTORAT PER EVITAR L'EMPRESONAMENT DE PABLO HASÉL ❗❗ 🔺@PabloHasel està amb nosaltres tancat. Tothom al Rectorat ❗❗( Plaça Victor Siurana) pic.twitter.com/AFuPnZ35ma
— Llibertat Pablo Hasel (@LlibertatHasel) February 15, 2021
Joan den otsailaren 1ean abeslariak eman zuen prentsaurrekoan argi utzi zuen ez zela espetxera aurkeztuko, La Directa hedabide kataluniarrean irakur daitekeenez. Astelehen goizean, Lleidako unibertsitateko Ikasleen Kontseilu aretoan dago, zenbait pertsona guardiak egiten ari diren bitartean.
Unibertsitatea aktibitaterik gabe dago, COVID-19agatik eta erresistentzia aktiboa planteatu dute. Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek espetxera aurkezteko aukera eman zioten otsailaren 1ean.
"Ez da nik esaten dudan guztiarekin ados egon beharrik ikusteko hau guztia adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria dela", adierazi du behin baino gehiagotan rap abeslariak.
Asteburuan, Hasélekin elkartasunez antolaturiko plataformak salatu du Esquadra Mossoek jarraitu egin dituztela eta zenbait kide gelditu eta galdekatu ere egin dituztela.
Kataluniako hauteskunde kanpaina betean, joan den otsailaren 8an, Unidas Podemosek Espainiako Kongresuan lege proposamena aurkeztu zuen "adierazpen askatasuna babesteko" eta Zigor Kodeko "iritzi delituak" deiturikoen erreferentziak kenduko lituzkeenak. Rap abeslariaren defentsak aurkezturiko errekurtsoari, fiskaltzak espetxeratzearen aldeko jarrerarekin erantzun dio.