argia.eus
INPRIMATU
Pablo Haseli omenaldi ilauna egin diote muralgileek Bartzelonan
  • Hirietako muralgileak otsailaren 7an Bartzelonako Tres Xemeneies parkean elkartu ziren Pablo Hasélekiko elkartasunez hainbat horma betetzeko. Raperoak berehala kartzelaratzeko agindua jaso du, bi urte eta bederatzi hilabeteko kondena betetzeko terrorismoa goresteagatik, eta segurtasun indar zein koroarekiko laidoengatik. Egindako artelan deigarrienetako bat izan da Roc Black Block-ek egin duen Juan Carlos erregearen irudia eta handik ordu batzuetara hiriko garbiketa zerbitzuek ezabatu egin dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko otsailaren 09a

Igande goizean grafitigileen topaketa deitu dute Bartzelonako Tres Xemeneies parkean, Pablo Hasél raperoaren defentsan. Hasélek, Valtònyc raperoak bezala, Espainiako monarkiari eta Juan Carlos errege ohiari bertsoak eskaini zizkion eta zigorra jaso du ordainetan. Iragarri du ez duela erbestera joko, "Valtònic kasua normalizatu egin delako eta jada inor ez delako harritzen bere erbesteratzearekin".

Directa hedabideak egin du kaleko arte iragankor edo ilaun ekintza honen kronika. Bertan ikus daitekeen bideo ederretik hartu ditugu irudiak.

"Adierazpen askatasuna" marraztu dute hogei metroko horma batean. Deigarriena Roc Black Block-ek egin duena izan da, eta ezaguna da hirian egin dituen beste mural batzuengatik: honek Juan Carlos erregea marraztu du. Directak jaso du muralgile honek gertuko jendeari eman dizkion azalpenak: hainbat lan uztartzea lortu duela, horrela nahi duena eginez bizi ahal izateko, legea urratzen aritu behar izan gabe. "Nahiko lasai ari da, gainerakoak baino mantsoago doa eta bere trazoa gehienena baino abilagoa da, bizitzeko muralak egiten ohituta baitago" kontatu du Júlia Bacardit kazetariak Directan.

Egileek badakite bere lanak orduak baino ez dituela iraungo: "Posible da gaur arratsaldean bertan ezabatzea. Ikusi izan ditut marraztera etorri diren grafitilariak, beren gauzak jasotzeko denborarik izan ez dutenak, beste bat etorri delako gainean margotzera. Arte ilauna da, hau egiten dugu biderkatzea nahi dugulako" adierazi dio Sigrid bozeramaileak Kataluniako hedabideari.

Otsailaren 8an Valtònyc-ek txiokatu du salatuz, Ada Colau buru den udalak 24 ordu baino gutxiago iraun duela grafiti deigarriena ezabatzen:

Directako Bacardit kazetariak kontraesana seinalatu du, Bartzelonako Udalak parke hau pintatzeko espazio libre izatea baimentzen duelako: "Bartzelonako alkatetzak harria bota eta eskua ezkutatzen du, errepresioa bere eskuetatik pasatuko ez balitz bezala".