argia.eus
INPRIMATU
Komunikatua, berehalako espetxeratzea dela eta

Pablo Hasel @@PabloHasel 2021eko otsailaren 01a
Pablo Hasel Espainiako Auzitegi Nazionalean, bere abestien letren harira epaitua.

Hamar egun barru Estatuaren beso armatua ni indarrez bahitzera etorriko da, ez bainaiz neure borondatez espetxean aurkeztuko. Ez dakit zein kartzelatara eramango nauten, ezta zenbat denborarako ere. Borroka egiteagatik pilatu ditudan auzi guztien artean, zigor batzuk helegitea aurkezteke eta beste batzuk epaiketa zain, 20 urte arte eman ditzaket espetxean. Duela urte askotatik jasaten ari naizen jazarpen hori, kartzela-zigorrez haraindi gauzatzen dena, ez da soilik nire kantu iraultzaileengatik, baita musikatik eta idazketatik haragoko nire militantziagatik ere. Fiskalak berak aitortu zuen, hitzez hitz: "Arriskutsua da hain ezaguna izateagatik eta mobilizazio soziala bultzatzeagatik". Nire abestietan aipatzen dudan borroka praktikara eramatea izan da jomugan jarri nauena, baita Estatuari aurre egin dioten erakundeak babestea, beren preso politikoekin solidarioa izatea eta bidegabekeriak salatuz kontzientzia sortzea ere, errudunak argi eta garbi seinalatuz.

Erregimena hazi egiten da erresistentzia ezaren aurrean, eta gero eta eskubide eta askatasun gehiago kentzen dizkigu bi aldiz pentsatu gabe

Oso garrantzitsua da argi izatea ez dela nire aurkako erasoa soilik, baizik eta adierazpen askatasunaren aurkakoa, eta beraz, beste hainbat askatasun demokratiko bezala hau ere bermatuta ez daukagun gehiengoaren aurkakoa dela. Bat zapaltzen dutenean, besteak izutzeko egiten dute. Terrorismo horrekin euren krimenak, eta esplotazio eta miseria politikak salatzea eragotzi nahi dute, eta ezin dugu onartu. Badakite preso egonagatik ere ez dudala amore emango, horregatik egiten dute bereziki, gainerakoek egin dezaten. Edozein antifaxistaren aurkako erasoa dela ez barneratzeagatik, elkartasuna falta izan da nire espetxeratzea saihesteko, beste askorena bezala. Erregimena hazi egiten da erresistentzia ezaren aurrean, eta gero eta eskubide eta askatasun gehiago kentzen dizkigu bi aldiz pentsatu gabe; autodefentsa antolatzeko beharra dugu eraso sistematikoen aurrean. Jende askok idatzi didazue zer egin dezakezuen galdetuz. Zabalkunde handia behar da mundu guztiak jakin dezan zer egiten ari diren eta kontzientzia har dezagun, baina, batez ere, antolakuntza da premiazkoa, ez soilik kaleko ekintzetara elkartasuna eramateko eta ondo koordinatzeko, baita zigorgabetasunez zapaltzen dizkiguten eskubide guztiak defendatzeko ere.

Era berean, era okerrean Gobernu "aurrerakoia" deitzen diogun hori aipatu behar da, hau eta gehiago baimentzeagatik, monarkia babestu eta aurrekontua handitzen dioten bitartean, mozal legea eta beste lege errepresiboak ez dituzte ukitu ere egin, "Mozal lege digitala" ere gehitu dute, kartzelak baldintza negargarrietan borrokalariz beteta mantentzen dituzte, eta langile klasearen aurkako beste politika batzuekin ere jarraitzen dute. Zalantzarik ez PP eta Voxen gobernu batek sartu izan bagintu espetxean, askoz ere eskandalu handiagoa sortuko zela, baina iruzurgile hauek, beren burua ezkertiar gisa salduz, ez dira ezta espetxeratze honen aurka fermuki kokatu.

Ez naiz damutuko zigorra murrizteko edo kartzela saihesteko asmoz, kausa justu baten zerbitzari izatea harrotasuna da niretzat, eta ez diot horri sekula uko egingo. Zigorra amaitu aurretik askatzen banaute, presio solidarioak lortu duelako izango da. Kartzela beste lubaki bat da, eta bertatik ekarpenak egiten eta hazten jarraituko dut. Beste pertsona asko bezala, erresistentziaren eta preso politiko askoren ekarpenen adibideak bultzatuta hasi nintzen borrokan. Espero dut gure duintasunaren etsai den Erregimenaren aurkako borrokara pertsona gehiago batzeko baliatuko dela zapalkuntza larri hau. Mezua isilarazteko espetxeratzen nautenez, zabal dadila mezua oraindik eta gehiago eta galtzen atera daitezela. Erbesteratzea errespetatuz, bertan geratzea erabaki nuen, aukera hau baliatzeko oraindik eta ageriago uzteko nolakoak diren. Gure askatasunen aurkako kolpe hau beren aurka bihur daiteke, ekin diezaiogun lanari.