argia.eus
INPRIMATU
AVTk Pablo Haselen abokatua salatu du “terrorismoa goraipatzeagatik”
  • Terrorismoaren Biktimen elkarteak (AVT) Bozhidara Alejandra Matamoros, Pablo Haselen abokatua, salatu du 2019ko hitzaldi batean “terrorismoa goraipatzeagatik”. Azken asteetan poliziaren inguruan egin dituen adierazpenak ere kritikatu ditu elkarteak. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 01

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa, 2019ko maiatzean Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolatutako ekitaldi batean Matamorosek egindako adierazpenengatik. Elkartearen arabera, errepresio-estatua salatu zuten mugimenduaren urteurrena ospatzeko ekitaldian eta abokatuak ETAri buruzko hausnarketak egin zituen.

AVTk dioenez, Matamorosek ondorengoa baieztatu zuen Estatuko segurtasun indarren zapalkuntzaren inguruko hitzaldi batean: “Euskal Herriaren kasuan, kideek zituzten eta utzi zizkieten bitarteko bakarrekin egin behar izan zuten borroka, armekin alegia; armekin borrokatu ziren autodeterminazio eskubidearen alde”. Elkartearen ustez, “erakundeak hamarkadetan egindako terrorismoa modu nabarian justifikatzeko” baliatu zuen hitz-hartzea. “Kide” hitza erabili izana ere, laguntasun gisa baino uler ezin daitekeela adierazi du.

Gainera, Pablo Hasel abeslari kataluniarraren atxiloketaren harira, abokatuak azken asteetan Estatuko segurtasun indarrek egindako torturak salatu izana kritikatu dute elkarteko kideek. Adierazpen hauek egitea, “indarkeriazko gertakarien jarraipena bultzatzea” dela diote.

Haselen abokatuaren aurkako bigarren salaketa

Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP) pasa den asteartean Matamorosen aurkako salaketa jarri zuen. Abokatuak komunikabideetan egindako adierazpenak irain eta kalumnia delituak izan daitezkeela adierazi du sindikatuak eta "difamazio orokor eta doako baten aurrean gaudela” uste dute. 

SUP-ek, aurkeztutako salaketaren ostean, Madrilgo Abokatuen Elkargoak abokatuaren aurkako espediente deontologikoa irekitzea erabaki zuen asteazkenean. Instituzioaren ustez, zuzenbideko profesional batentzat adierazpen desegokiak dira.