argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gorostiaga aske geratu da
zortzi urteren ondoren
  • Igandean geratu da aske Pablo Gorostiaga Auzitegi Nazionalak 2007an espetxean sartu ondoren. Egin egunkariko administrazio kontseiluko kidea zen eta 18/98 makrosumarioarengatik egon da preso zortzi urtez.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 23a
Pablo Gorostiaga igande gauean Laudion. (Argazkia: aiaraldea.eus).

Laudioko ehunka bizilagunek harrera egin diote igande iluntzean herrira iristean. Laudioko alkate ohia da Gorostiaga, hiru legealditan izan da alkate ezker abertzalearekin aurkeztuta.

73 urterekin irten da espetxetik Gorostiaga, kondena osorik bete ostean. Aiaraldea komunikabideak jaso duenaren arabera, Espainiako legediaren arabera 70 urtetik gorako presoek baldintzapeko askatasuna eskuratu dezakete baina Gorostiagari ukatu egin zaio eskubide hori.

Gorostiagaren emaztea hilzorian zegoela ere bisita egiteko baimena eskatu zuten senideek 2013an. Gorostiagak ezin izan zuen bikotea agurtu, baimena eman eta hainbat egunetara gerturatu baitzuten espetxeko arduradunek.

Urquijok pregoilari izatea debekatu zion

2013ko Laudioko jaietako pregoilari izateko aukeratu zuten Pablo Gorostiaga herriko jai batzordekoek bozketa publiko bidez. Laudiarra den Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok salatu egin zuen izendapena, “terrorismoa goraipatu zitekela” argudiatuz. Epaitegiek debekatu egin zuten Gorostiaga pregoilari izatea.

Informazio gehiago:

Irakurri 2013an, Judith Uriarte Pablo Gorostiagaren emaztea hil zenean eta honi hau bisitatzea galarazi ziotenean Pello Zubiriak idatitako artikulua.