argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzálezen kontrako epaiketa “laster” izatea espero duela esan du Poloniako Atzerri ministroak
  • Zbigniew Rau Poloniako Atzerri ministroak prentsaurreko batean egindako galderei erantzunez esan du euskal kazetariari egozten zaizkion karguak "oso larriak" direla, baina ez du aditzera eman zer den zehazki egozten zaiona. Gonzálezek 2022ko otsailetik darama Polonian espetxeratua, Errusiaren alde "espiotza" egitea egotzita

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 24a
Errumaniako, Espainiako eta Poloniako Atzerri ministroak, ezker-eskuin, Valentzian egindako bilkuran. argazkia: Espainiako Atzerri ministerioa.

Valentzian Errumaniak, Espainiako Estatuak eta Poloniak egindako hiruko biltzar batean hitz egin du lehen aldiz Poloniako goi ordezkari batek herrialde hartan preso duten Pablo González euskal kazetariaren kasuaz. Poloniako Atzerri ministro Zbigniew Rauk biltzarraren ondoren egindako agerraldian erantzun die kazetariei gaiari buruz, aurrez galderaren jakinaren gainean zela.

Hala, Rauk adierazi du espero duela Gonzálezen kontrako epaiketa "laster izatea", baina kasua ikertzen ari direla oraindik: "Sinetsidazue, Espainiaren eta Poloniaren interesa da auzia ixtea eta amaitzea, baina akusazioa ondo prestatu behar da", esan du. Poloniako Atzerri ministroak esanetan kazetariari egozten zaizkion karguak "oso larriak" dira, baina ez du argibide gehiago eman, eta ez du esan zer den zehazki egozten zaiona.

González 2022ko otsailean atxilotu zuten Poloniako mugan, Ukraina eta Errusiaren arteko gerrak sorturiko errefuxiatu uholdeaz informatzen ari zela. Urtebete egin du espetxean isolatuta, duela gutxi bere abokatuetako batek bisitatu ahal izan duen arte.

Valentziako agerraldi berean, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek ziurtatu du "bere oinarrizko eskubideak, batez ere defentsarakoak, erabat bermaturik" daudela.

Pablo Gonzálezen kasuak oihartzun handia izan du, batez ere Euskal Herrian. Euskal kazetariaren kontrako jazarpenarekin amaitzea eskatzeko sinadura bilketak eta ekitaldiak egin dituzte, besteak beste.