argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzálezen hurbilekoek elkarte bat sortu dute, defentsa gastuei aurre egiteko
  • Pablo González kazetariak hamar hilabete darama Polonian preso, Poloniak akusazio formalik jarri gabe. Hiru aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia, azkena azaroan, eta defentsako abokatuak aldiro helegitea jarri du. Hain justu, defentsa gastuak ordaintzeko dirua biltzea da Gonzálezen senide eta lagunek osatu duten elkartearen helburu nagusietakoa.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 29a
Pablo Gonzálezen aldeko elkarretaratzea / ETB

#FreePabloGonzález elkarteak, halaber, kazetariaren aldeko ekimenak sustatu eta haren eskubideen aldeko borroka kanalizatu nahi du.  Oihana Goiriena –kazetariaren bikotekidea– da elkarteko lehendakaria, eta Maribel Martinezek eta Gabino Martinezek osatzen dute zuzendaritza batzordea. Bozeramailea, bestalde, Gonzalezen lankide izandako Juan Teixeira fotokazetaria izango da.

Kasuaren konplexutasuna eta poloniar justiziak jarritako trabak direla-eta, kazetariaren aldeko defentsak gastuak handituz joan dira. Atxilotu zutenetik Gonzalo Boye abokatuaren laguntza du, eta apirilean Bartosz Rogala abokatu poloniarra kontratatu zuten Gonzálezen hurbilekoak. Urriaz geroztik, gainera, zuzenbide penalean aditua den abokatu-bulego baten zerbitzuak ere jasotzen dituzte.

#FreePabloGonzález elkarteko kideek azaldu dutenez, defentsa gastuak –abokatuen soldatak, joan-etorriak, tramite burokratikoak...–ordaintzeko baliatuko da bildutako diruaren parterik handiena, eta beste zati bat kazetariaren mantenura bideratuko da, elikagaiak eta gehigarri bitaminikoak ordaintzera besteak beste. Kutxabanken zabaldu dute kontua (ES31 2095 0043 1091 2213 9880); diru-ekarpena eginda, eskatu dute freepablogonzalez@gmail.com helbidera mezua bidaltzeko, norberaren datu pertsonalekin, familiak aukera izan dezan norbanakoek emandako laguntza pertsonalki eskertzeko.