argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalezen aurkako mendekua ikusten du haren abokatuak, Poloniako Gobernuaren jarreran
  • Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 23a
2024ko urtarrilean Pablo Gonzalezen askapena eskatzen zuen elkarretaratzea Bilbon. Argazkia: Europa Press

“Mendeku bat dirudi, Pablo Gonzálezek Errusiatik kanpo bidaiatzea galaraztekoa”, adierazi dio Gonzalo Boyék Berriari, euskal kazetariaren kasuaz. Abuztuaren 1ean hainbat estaturen artean izandako preso trukearen ondoren, Errusian segitzen du Gonzalezek. Aske utzi zuten bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Gonzalezen emazte Oihana Goirienak adierazi zuen Moskuko ospitale batean egindako osasun azterketan biriketan likidoa antzeman ziotela euskal kazetariari, eta Boyék adierazi du arazo horretatik “osatzen” ari dela. Kazetariak Russia Today-n (RT) espetxetik irten ostean emandako lehen elkarrizketan salatu zuen “torturatua, mehatxatua eta presionatua” izan zela Poloniako espetxean, hogei kilo galdu zituela, eta adierazi zuen Washington izan zela preso trukean sartu nahi zuena, ez Polonia.

Espioitza karguak kazetariaren aurka

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaile Przemyslaw Nowak-ek abuztuaren erdialdean hedabideei esan zien Gonzalezen aurkako epaiketa aurrera zihoala, eta oraindik formalki akusatu ez bazuten ere, adierazi zuen epaiketa in absentia –akusatua agertu gabe egiten diren epaiketak– izan daitekeela. Adierazpen horiek egin eta egun batzuen ondoren, Lublingo (Polonia) fiskaltzak –maiatzean azken aldiz Gonzalezen espetxeratze prebentiboa luzatu zuena– espioitza-karguak aurkeztu zituen kazetariaren aurka. Fiskaltzak Gonzalezi leporatu dio Errusiako espioitza zerbitzuei Poloniarentzat “kaltegarriak” izan zitezkeen informazioak ematea 2016ko apirila eta 2022ko otsaila bitartean, EFEk informatu zuenez. Horrez gain, desinformazioa zabaltzea eta errekonozimendu-lanak egitea ere leporatu diote.

Fiskaltzak azaldu duenez, iazko urriaren 1era arte indarrean zegoen Poloniako Zigor Kodearen 130. artikuluaren arabera Gonzalezek hiru eta hamabost urte arteko kartzela-zigorra izango luke. Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion, eta orain Espainiako Gobernuak beste bat igorri beharko lioke Euskal Herrira itzultzeko, baina Europar Batasunean legezko prozesu bat irekita duenez, horrek atzeratu egin dezake jaulkipena, EITBk informatu zuenez.