argia.eus
INPRIMATU
53 egun preso daramanean, Pablo Gonzálezek lortu du konfiantzazko abokatua
  • Polonian preso dagoen euskal kazetaria kartzelaz aldatu dute, Rzeszów hiriko espetxetik Radmon hirikora. Lehena 400 bat kilometrora dago Varsovia hiriburutik eta bigarrena 100 batera, Público egunkariak jakinarazi duenez.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 22a
González iragan otsailaren 3an Madrilgo Unibertsitate Complutenseko jardunaldi batzuetan. (Argazkia: UCM)

Bigarren aldaketa esanguratsua ere gertatu da eta, lehenbiziz, Pablo Gonzálezek konfiantzazko abokatu poloniarra hautatu ahal izan du. Orain arte ofiziozko bi jarri izan dizkio Poloniako fiskaltzak, baina bietan bertan behera geratu da haien lana. Bere defentsa orokorra daraman abokatua, alabaina, Gonzalo Boyé abokatua da, besteak beste, Carles Puigdemont lehendakari katalanaren defentsa daramana.

Hiriburutik hurbilago dagoenez, halaber, familiak uste du kazetariak izango duela Espainiako Kontsulatuaren bisita gehiago. Orain arte kontsularen bi bisita izan ditu, kazetariak izan dituen bakarrak.

González iragan otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerra jarraitzen ari zela. Oraingoz maiatzaren 29ra arte egon beharko du espetxean herrialde hartan, eta egun horretan erabakiko dute baldintzapean libre uzten duten epaiketaren eguna arte edo preso mantentzen duten. Espioitza leporatzen diote kazetariari, eta akusazio horiekin hamar urte arteko kartzela zigorra jasan dezake.

Bere emazte Oihana Goirienak Público-ri adierazio dionez, denbora honetan guztian ez du oraindik bere bikotearekin telefonoz hitz egiteko aukerarik izan.