argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalez kazetaria, zazpi egun Polonian inkomunikaturik
  • Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela astea bete denean, Gonzalo Boye abokatuak azaldu du Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari (ICRC) "babesa" eskatuko diola bere defendatuarentzat. Espainiak Polonian duen kontsulatuaren isiltasuna salatu du abokatuak, eta jakinarazi du pasa den astelehenaz geroztik kazetariak ez duela ez bere familiarekin ez defentsarekin komunikatzeko aukerarik izan.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 07a
500 bat lagun bildu dira kazetariaren bizitokian -Narbaizen– egindako elkarretaratzean / Argazkia: @gabirelezkurdia

Errusiako inteligentzia zerbitzuentzat espioi bezala lan egitea leporatzen diote kazetariari, eta hamar urtera arteko espetxe zigorra ezar liezaiokete. Ukrainako mugatik gertu atxilotu zuten, Polonian. Denbora tarte horretan Gonzalezen berririk ez dutela jaso adierazi du bere abokatuak: "Zein osasun egoeran dagoen ere ez dakigu".

"Zuzenbidean ez da linbo juridikorik existitzen eta Pablo jasotzen ari den tratua onartezina da", dio abokatuak. "Horregatik eskatuko diogu ICRCri, gure ustez akusazio faltsuak izanagatik ere, gatazka armatuen kasuan Ginebrako  Hitzarmenak jasotzen duen babesa emateko".

Bestalde, igandean, elkarretaratzea egin dute Nabarnizen, kazetaria libre uzteko eskatu eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko, bertako Udalbatzak deituta.