argia.eus
INPRIMATU
Pablo González kazetariaren eskubideak urratzeari uzteko eskatu dio Poloniari Eusko Legebiltzarrak
  • EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUren adierazpenarekin, Gasteizko Legebiltzarrak kezka adierazi du Pablo Gonzálezen egoerarekin eta azpimarratu du ez datorrela bat bere behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzeko erabakiarekin. Poloniako Estatuari eskatu diote kazetariaren eskubideak errespetatzeko eta horiek urratzeari uzteko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko maiatzaren 26a
EAJko Joseba Díez Antxustegi, PSEko Miren Gallastegi (PSE), Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi eta EH Bilduko Jasone Agirrek irakurri dute adierazpena Legebiltzarraren izenean.

Gasteizko legebiltzarrean 75 eserlekuetatik 68 ordezkatzen dituzten lau alderdiok adierazpen bateratua egin dute ostegunean Pablo González kazetariaren egoera salatuz .

Poloniako epaitegiak behin-behineko espetxealdiaren neurriz kanpoko erabilera egiten ari direla irizten dute eta kezka agertu dute Gonzálezen egoeragatik. Aste honetan Prezemsyl eskualdeko epaitegiak erabaki du dagoeneko hiru hilabete preso daramatzan euskal kazetariaren behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea. ARGIAk familiarekin baieztatu ahal izan duenez, baldintza beretan mantenduko dute: bisitarik edo senideei telefono deirik egiteko eskubiderik gabe.

Espainiako Gobernuari ere eskatzen diote Pablo Gonzálezen eskubideak errespetatzeko eta auziak berme guztiak izateko behar diren gestio guztiak egin ditzala.

Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Jasone Agirre (EH Bildu), Miren Gallastegi (PSE) eta Miren Gorrotxategik (EP-IU) irakurri dute adierazpena. Ez du bat egin PP+Cs talde politikoak. Hala ere, lau alderdi horiek legebiltzarreko eserlekuen %90 ordezkatzen dute.

Gogorarazi dutenez, "Pablo González euskal kazetariak hainbat urte daramatza lan profesional handia egiten hainbat hedabidetan, bai Euskal Herrikoetan, baita nazioartekoetan ere, eta Europan eta munduan dauden errealitate eta gatazka ugariren berri ematen du".Bere atxiloketa prentsa eta informazio askatasunaren ikuspegitik "albiste txarra" dela gaineratu dute.

Errusian jaio eta Bizkaiko Nabarnizen bizi den 40 urteko kazetaria da Pablo González. Hamar urteko espetxe zigor arriskua du Polonian, kazetaritza egiteagatik. Erreportaje honetan bera nor den eta atxiloaldian zer gertatu zaion azaldu berri dugu.