Otsailaren 28tik behin-behineko atxiloaldia betetzen ari da Pablo González kazetaria Polonian. Ordutik soilik gutun bidez komunikatu ahal izan da senideekin, eta abokatuaren zein Espainiako kontsularen bisitak baino ez ditu jaso. Dagozkion giza eskubideak urratzen ari direla eta bere aurka abiatutako prozesu judizialak "gutxiengo justiziaren bermerik" ez duela iritzirik, Giza Eskubideen Europako Auzitegian demanda jarri du.
Polonia bere giza eskubideak urratzen ari dela salatu du Pablo González kazetariak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean, El Saltok jakinarazi duenez. Otsailaren 28an atxilotu zuten kazetaria Errusiaren espioia izatea leporatuta, eta ordutik behin-behineko espetxealdian mantendu dute, Varsoviatik 40 kilometrora dagoen Radom-eko espetxean. Gutunez baino ezin daiteke komunikatu senideekin, eta soilik bere abokatuaren eta Espainiako kontsularen bisitak jaso ditzake. Horrez gain, egunerokoan miaketa umiliagarriak egiten dizkiotela ere jakinarazi du Gonzálezek. Egoera horretan, dagozkion giza eskubideak urratzen ari direla eta bere aurka abiatutako prozesu judizialak "gutxiengo justiziaren bermerik" ez duela iritzirik, Estrasburgoko Auzitegian demanda jarri du.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiari aurkeztutako idatzian jaso dutenez, Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Europako Hitzarmenak jasotzen dituen hainbat artikulu urratzen ari dira Gonzálezen kasuan. Adibidez, familiako kideen bisitak eta deiak ezin jaso izanak edota behin-behineko espetxealdiaren luzapenak, hurrenez hurrenez, zortzigarren eta bosgarren artikuluak urratzen dituztela adierazi dute.
Gonzálezen abokatuak gogorarazi du Estrasburgoko Auzitegiak epai bat baino gehiago eman dituela esanez "delituaren larritasuna, ihes egiteko aukera edo legezko prozesua oztopatzeko aukera ez direla nahikoa atxiloaldia hainbeste denboraz mantentzeko". Bi aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia kazetariari: atxilotu zutenean hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia agindu zioten, ekainean beste horrenbeste hilabetez luzatu zioten, eta abuztuan hiru hilabete gehiago luzatzea onartu zuten, Fiskaltzak hala eskatuta.
Abokatuaren arabera baliteke datorren urtearen erdialdera arte epaiketarik ez gauzatzea, eta El Saltok jaso duenez, Gonzálezen gertukoak arduratu egiten ditu epaiketa bidezkoa ez izateko aukerak. "Bizitzen ari garen guztiarekin, ez dugu uste epaiketa bidezkorik egin daitekeenik" edo "Zalantzan jartzen dugu ikerketa bideratzen ari den Waldemar Winiarski fiskalaren independentzia, [Poloniako] Defentsa eta Justizia Ministerioak zuzenean aukeratua" bezalako adierazpenak egin dizkio aipatu hedabideari Gonzálezen bikotekideak. Hargatik, Auzitegiari aurkeztutako idatzian Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Europako Hitzarmenaren seigarren artikuluari ere egin diote erreferentzia, prozesu judizial bidezko baten eskubideaz mintzo baita.