argia.eus
INPRIMATU
Pablo González kazetaria aske utzi dute, Polonian bi urte eta erdi kargurik gabe espetxeratuta egon ondoren
  • 2022ko otsailaren 28an atxilotu ondoren, aske utzi dute bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Bizkaiko kazetariaren talde juridikoak informatu du “preso dauden hainbat kazetari libre uzteko” Errusiak eta Poloniak adostu duten trukeagatik geratu dela aske. Errusiara eraman dute oraingoz, eta beste presoekin batera jaso du presidente Vladimir Putinek.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 02a
Pablo Gonzalez euskal kazetaria, 2022ko otsailaren 28tik Polonian atxilotua izan dena.

Abuztuaren 1ean Pablo González euskal kazetaria aske utzi dute, eta bere talde juridikoak adierazi duenez, Errusiaren eta hainbat herrialderen artean, tartean Polonia, “preso dituzten zenbait kazetariren trukearen barruan” gertatu da. 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten kazetari bizkaitarra Rzeszow hirian, Ukrainako mugatik gertu, gerrak eragindako migrazio-krisiaz informatzen ari zela. Poloniako fiskaltzak Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egotzi zion, eta espioitzagatik hamar urteko kartzela zigorra ezarri nahi zioten. Bi urte eta erdi inguru pasa ondoren, libre utzi dute bere aurkako frogarik gabe eta bistako epaiketarik gabe, eta Errusiara eraman dute beste preso batzuekin batera. González han jaiotakoa da. Errusiara iristean bertako presidente Vladimir Putinek jaso ditu.

Kazetariaren talde juridikoak igorritako adierazpenean zehaztu dute “une honetan hainbat herrialdetan preso dauden kazetari guztien askatasunaren aldeko mugarri esanguratsua” izan dela. Arrazoi humanitarioak “funtsezkoak” izan direla nabarmendu dute, “kazetaritzak gizartean duen balioa eta garrantzia aitortu dituzte”, eta Gonzálezen askatzea posiblea izan dela bi aldeen arteko “negoziazio gogorrei eta lan juridiko sakonari” esker. Azpimarratu dute Errusiak Gonzálezen egoerari irtenbidea bilatzeko “benetako interesa” izan duela, “beste batzuek helburu nagusi Pablo González kriminalizatzea izan dute, hura defendatu eta kazetari gisa dituen eskubideak babestu beharrean”.

Errusiak eta Bielorrusiak, alde batetik, eta AEBek, Alemaniak, Esloveniak eta Erresuma Batuak, bestetik, guztira 26 preso trukatu dituzte, Gerra Hotzaz geroztik preso trukerik handiena izan da, EITBk informatu duenez. Ankarako aireportuan gertatu da, Turkiako zerbitzu sekretuen (MIT) koordinaziopean, Turkiako NTV kateak ziurtatu duenez. Trukaketa horretan izan diren preso guztiak jaso ditu The Insider egunkariak.

 

Egunean 23 ordu eguzki-argirik gabeko ziega batean

Pablo Gonzálezek Polonian eman duen espetxealdian inkomunikatuta egon dela salatu zuen bere emazte Ohiana Goirienak otsailean, eta atxiloketa unetik bederatzi hilabetera arte ezin izan zuela berarekin hitz egin. “Ez digute utzi telefonoz hitz egiten. Egin dizkiodan bi bisitetan bakarrik hitz egin ahal izan dut berarekin. 2022ko azaroaren 21ean eta 2023ko ekainaren 16an”, adierazi zuen Goirienak. 2023ko urrian hamalau eurodiputatuk (sozialdemokrata, berde eta ezkerrekoek) salatu zuten euskal kazetaria inkomunikatuta zegoela, Poloniako justizia ministro Zbigniew Zobrori helarazitako gutun baten bitartez: “Espetxean eman dituen 18 hilabeteotan inkomunikatuta egon da, egunean 23 ordu eman ditu eguzki-argirik gabeko ziega batean”. González berak espetxetik idatzitako eta Goirienak irakurritako gutun batean, salatu zuen “Poloniako lege eta kartzela sistemak ahal duen guztia” egiten duela “norbanakoari gizatasuna kentzeko”.

Atxiloketa unetik aske utzi duten arte, Gonzálezen espetxealdia luzatzen ari ziren Polonian. 2022ko apirilaren 3an Poloniako Gobernuak zabaldutako adierazpen batean “froga handiak” zeudela esan bazuen ere, Goirienak zehaztu zuen pasaporte faltsuak erabiltzea leporatzen ziotela, baina berak bi pasaporte zituela arrazoitu orduko –Errusian jaio zelako eta haurra zenean Euskal Herrira joan zelako–, “isildu egin ziren”.

Goiriena kritikoa izan zen Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egoeraren aurrean izandako jarrerarekin. “Eusko Jaurlaritzako Kanpo Arazoetako Idazkaritzaren bigarren pertsonaren dei bakarra jaso nuen, eta hark goraintziak bidali zizkidan Urkulluren partetik. Eta Pedro Sánchezen partetik are gutxiago. Ezta Ministerioarena ere. Varsoviako espainiar kontsulatuak bakarrik hitz egiten digu. Erabat administratibotzat hartzen dute egoera, pasaportea galtzen zaizunean bezala”, adierazi zuen Goirienak La Mareari eskainitako elkarrizketa batean, Urkulluren edo Sánchezen deirik jaso zuen galdetuta. Horrez gain, komunikabide batzuen jarrera ere salatu zuen: “Badakit, gainera, gobernuaren eta CNIren deiak jaso dituen komunikabideren batetik, ondokoa esateko: "Isildu, mantendu profil baxua, hemen zerbait badago eta".

Laguntza beti presente

Euskal Herritik asko izan dira Pablo Gonzálezen aldeko adierazpenak, eta kazetariak Poloniako espetxetik idatzitako gutun baten bitartez laguntza hori eskertu zuen. “Hor zaudetela eta bakarrik ez nagoela jakitea funtsezkoa da geroari baikortasunez begiratzeko, eta espero izateko atxiloketa ‘demokratikoa’ lehenbailehen bukatuko dela”, irakurri zuen Goirienak Bizkaiko Nabarniz herrian euskal kazetariaren alde egindako ekitaldian.

Gonzálezen talde juridikoak zabaldutako adierazpenean ere laguntza eskertu dute: “Pabloren eta bere familiaren izenean gure esker ona adierazi nahi diegu emaitza hau lortzeko lan nekaezina egin duten pertsona eta erakunde guztiei, bereziki #FreePablo”. Adierazpenean zehaztu dute Gonzálezek hedabideei erantzungo diela, “horretarako moduan egotean”.