Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren kontrako "frogak" aurkeztea eskatu dio Espainiako Gobernuak Poloniakoari. Nazioarteko kazetarien federazioek ere Gonzalezen askatasuna eskatzeko manifestua kaleratu dute.
Bi urte igaro dira Pablo Gonzalez atxilotu eta segurtasun handiko espetxe batean preso dutenetik. Horren harira, elkartasun ekitaldiak ugaritu dira egunotan eta Gernikan izan da hitzordu nagusietako bat.
Gernika Memoriaren Lekuko ekimenak deituta ehunka lagun bildu dira kazetaria "berehala" askatzea exijitzeko, haren kontrako frogarik ez dagoelako, eta prentsa askatasunaren kontrako erasoa delako, antolatzaileen hitzetan: "Horregatik diogu prentsa askatasuna oinarrizko eskubidea izanik, defendatu beharra dagoela. Eta, beraz, Pablo defendatzea dagokigula ere", azaldu dute ekitaldako idatzitako manifestuan. Gainera, Europako Parlamentuaren eta Espainiako Gobernuaren "utzikeria" salatu dute.
Ekitaldiaren amaieran, haren bikotekide Oihan Goirienak Gonzalezen ohar bat irakurri du bozgoran: "Zuengandik eta inguratzen zaituzteten errealitatetik argi urte askotara nago. Niretzat ez da mundurik existitzen nagoen espetxe bloketik harago, ez naiz hemendik atera uztaila hasieratik. Ez da existitzen giza eskubiderik, ez Europar Batasunik ez ezer (...) Ez dut eskatzen tratu berezirik, baizik eta utz ditzatela denbora luzatzeko beren gezurrak eta kaka zaharrak albo batean, honek ez baitu inongo justifikaziorik".
Bestalde, Euskal Herriko hainbat komunikabideetako kazetariek ere elkarretaratzeak egin dituzte euren egoitza atarietan asteazkenean. ARGIAko lantaldeak hala egin du, Antza eta Iametza enpresetako kideekin batera. Informatzeko eskubidea aldarrikatu dute, besteak beste, eta Gonzalezi eta bere senide eta lagunei babesa erakutsi diete ekitaldi horietan guztietan.
Madrilen, Poloniako enbaxadaren egoitza aurrean ez ezik Diputatuen Kongresuko ezkaratzetan ere talde politiko guztietako ordezkariak bildu dira asteazken eguerdian –PP eta Vox-ekoak salbu– Gonzalezen askatasuna eskatzeko. Hain justu, etxe horretan EH Bilduren galdera bati erantzunez Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek azaldu du Poloniako Atzerri ministroarekin harremanean dela eta Gonzalezen kontrako frogarik baldin badago horiek erakustea eskatu diola.
Bartzelonan ere elkarretaratzea egin dute Errege Plazan, eta legearen araberako epaiketa bat "oraintxe" egiteko exijitu dute, Fer Periodisme No És Delicte lelopean bilduta.
Nazioartean Gonzalezen kasuak oihartzuna izaten jarraitzen du. Hala, Kazetarien Nazioarteko Federazioak eta Europako Kazetarien Federazioak Poloniako agintariei eskatu diete kazetaria askatu dezatela, auzitegietan defendatu ahal izan dadin eta epaiketa justu bat izan dezan: "Ezin dugu ulertu Europar Batasuneko estatu demokratiko batek kazetari bat preso mantentzea bi urtez epaiketarik egin gabe", azaldu dute ohar bateratuan.
Gonzalezen espetxealdia zortzigarren aldiz hiru hilabete gehiagoz luzatu du duela gutxi Poloniako justiziak, eta senideen esanetan "tortura psikologikoa" ari dira egiten bere kontra, isolatuta baitaukate egunean 23 orduz eta apenas baitago informaziorik haren inguruan.