argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalez espainiaratzeko eskatu dute hamalau eurodiputatuk
  • "Pablo Gonzálezen erabateko babesgabetasun egoerak asko kezkatzen gaitu; oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen zaizkio". Hamalau eurodiputatuk (sozialdemokrata, berde eta ezkerrekoek) gutuna helarazi diote Poloniako Justizia ministro Zbigniew Zobrori. Poloniako Gobernuari eskatu diote 18 hilabete baino gehiago preso dagoen kazetariari Espainiako Estatura itzultzeko aukera eskaintzeko, "behin-behineko askatasunean, familiarengandik gertu eta Europar Batasuneko herritar gisa dituen eskubideak errespetatzeko bermeekin".

ARGIA @argia 2023ko urriaren 03a
Pablo Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugan errefuxiatuen egoeraz informatzen ari zela.

Horretarako, Espainiako Gobernuaren babesa galdegin dute eurodiputatuek. Eldiario.es-ek plazaratu du gutuna; sinatzaileen artean daude, besteak beste, Idoia Villanueva, Miguel Urban, Nacho Sánchez, Tineke Strik eta Katerina Konecna. Eskatu dute "ahalik eta azkarren egin dadila berme juridiko egokiak izango lituzkeen epaiketa".  Halaber, "Europar Batasuneko estatu kide baten barruan gertatzen ari diren eskubide-urraketak" salatu dituzte.

"Espetxean eman dituen 18 hilabeteotan inkomunikatuta egon da, egunean 23 ordu eman ditu eguzki-argirik gabeko ziega batean, eta Espainiak Polonian duen kontsulak 'nahitaez bete beharreko' bisitak baino ez ditu egin", kexu dira sinatzaileak. "Gainera, haren familiak bi aldiz soilik bisitatu ahal izan du ", salatu dute "Uste dugu Polonia bezalako estatu kide batek Giza Eskubideen eta Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna urratu duela".