argia.eus
INPRIMATU
Pablo González askatzeko mozioa bertan behera utzi dute UPNk, PPk, Voxek eta PSNk
  • Eskuineko hiru alderdiek aurka bozkatu dute eta Chiviterena abstenitu egin da; aldiz, EH Bilduk eta Geroa Baik Contigo-Zurekinen proposamena babestu dute. Gonzálezek 20 hilabete daramatza Poloniako espetxe batean, akusazioaren frogarik jakinarazi ez bada ere.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko azaroaren 03a
Pablo González lanean. (Argazkia: Juan Texeira)

2022ko otsailaren 28an Polonian atxilotu eta ordutik bertan preso dago Pablo González Yagüe kazetari bizkaitarra. Errusiaren espioia dela leporatzen diote, baina “akusazio hori ez da inolako frogatan oinarritzen”, azaldu du Contigo-Zurekinek Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako mozioaren proposamenak.

Idatziaren helburua zen Espainiako Gobernuak “berehala eta irmotasun nahiz konbikzio osoz” Polonia presiona zezan, González askatzeko edo “bere egoera argitze aldera, bere abokatuari prozedurarako sarbidea eman diezaioten”. Baina mozioa onartzeko ganberaren gehiengoaren babesa behar da eta UPNk, PPk eta Voxek aurka bozkatu dute; eta PSN abstenitu egin da. Soilik Geroa Baik eta EH Bilduk bozkatu dute alde.

Gogoratu beharra dago Gonzálezen kasuaren eskubide urraketak ez direla atxiloketaren bidegabetasunera mugatzen, espetxean bertan isolamendu araubidea jasaten ari delako. Familiak zein Human Rights Watch, Amnesty International edo Mugarik Gabeko Erreportariak salatu moduan, Gonzálezi legez jaso behar dituen gutxieneko bisita kopurua baino ez diote baimentzen eta egunean 23 ordu ematen ditu eguzki argirik gabeko ziega batean.

Horregatik, Pablo Gonzálezek "Europar Batasuneko herritar gisa dituen eskubide ia guztien urraketa agerikoa" nabarmendu ondoren, Espainiako Gobernuari ahalik eta "presio diplomatikorik handiena" egiteko eskatzen zion Foru Parlamentuko mozioaren proposamenak.

Aurrekontuen zirriborroa prest

Legealdiaren hasiera honetan hainbat mozio eta adierazpen instituzionaletan desadostasunak izaten ari badira ere, gobernuak aste honetan bertan 2024ko aurrekontu proiektua onetsi du. Bertan ageri den gastu muga 5.743 milioi eurokoa da, iazkoa baino %9,6 handiagoa. José Luis Aristi Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren hitzetan, datorren urteko neurriak “gobernuaren lehentasunetan oinarrituko dira, hala nola gastu soziala, eta baliabide publikoen hobekuntza komunitatearen garapen ekonomikorako tresna gisa". Aurrekontuak aurrera eramateko EH Bilduren babesa bilatu beharko du orain gobernuak.