argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalez askatzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu dute
  • 50 egun bete dira kazetaria atxilotuta eta inkomunikatuta daukatela. Bere inguruak Espainiako presidenteari eta Atzerri zein Defentsa ministroei exigitu die "Pablo González artatu dezatela eta ez dezatela utzi Europar Batasuneko legediari eta giza eskubideei jaramonik egiten ez dien herrialde batean".

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 19a

Otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik gertu. Egun horretan dei bat egiten utzi zioten Nabarnizera, bere andreari esateko atxilotuta zeukatela. Geroztik ez du etxekoekin hitz egiterik izan, ezta bere konfiantzazko abokatuarekin ere.

Hiru egunera Poloniako Gobernuak iragarri zuen atxilotuta zeukatela, eta zein salaketa egozten zizkion: Errusiako inteligentzia militarraren kide izatea eta “Poloniako interesen aurka jardutea”. Baita ere jakinarazi zuen maiatzaren 29 arte Rzeszów-eko kartzelan edukiko zutela.

Bere aurkako salaketak oinarririk gabeak direla eta inkomunikazio egoera hau eta bere abokatuak artatua izateko aukerarik gabe izatea Europar Batasuneko araudien aurkakoa dela adierazi du Gonzalezen inguruak, eta zera exigitu diete Espainiako presidente Pedro Sanchezi, Atzerri Ministro José Manuel Albaresi eta Defentsa Ministro  Margarita Roblesi: “Pablo Gonzalez artatu dezatela Ebko Oinarrizko Eskubideen Gutunak bermatzen duen bezala, baita NATOko Eskubide Zibil eta Politikoen Itun Internazionalak bermatzen duen bezala ere”.

Eskaera zehatz hauek ere egin dituzte sinadura bilketan: Inkomunikazioa buka dadila; bere konfiantzazko abokatuaren asesoramendu legala jaso ahal izan dezala eta haien arteko komunikazioa normaltzea defentsa prestatu ahal izateko; gutxienez bere emazte, seme-alaba eta gurasoekin telefonoz hitz egin ahal izan dezala eta hauek bizi duten informazio falta bukatu dadila; bere errugabetasun-presuntzioa errespetatu dadila; “eta batez ere, gure lagun Pablo ez dezatela utzi Europako araudiei eta giza eskubideei jaramonik egiten ez dien herrialde batean”.

Europako arauak urratuz, inkomunikatuta

Pablo Gonzalezi ukatu diote baita bere inguruak bidalitako gutunak jasotzea ere: “Poloniako fiskaltza ahal izan duen traba burokratiko denak jartzen aritu da kontaktua eragozteko, eta Espainiako Gobernuak ez du bitartekari lanik egin prozesu konplexu hau arintzeko. Izendatu zioten ofiziozko abokatuaren eta Pabloren arteko kontakturik ere ez da egon, atxilotutako lehen 40 egunetan jaso duen bakarra Espainiako kontsularen bi bisita dira”, azaldu du bere inguruak.

Inkomunikazio egoera honek eta bere abokatuaren arta jaso ezin izateak Europako Batasuneko hainbat legedi urratzen dituela azaldu dute.

Pavel izenaren eta bi pasaporteen azalpena

Gonzalezen inguruak adierazi duenez, “orain arte Poloniak salaketarako aurkeztu dituen frogak zirkunstantzialak direla esan dezakegu eta denak daude lotuta Pabloren jatorriarekin”.

Azaldu dutenez, kazetaria Moskun jaio zen eta Pavel Alekseevich Rubtsov dira bere jatorrizko izen-deiturak. Bere aita Errusiako herritarra da eta bere ama ere Errusian jaioa da, eta 1936ko gerratik ihesi Errusiara bidalitako haur baten alaba da.

Gonzalezek 9 urte zituenean gurasoak banandu egin ziren eta ama Euskal Herrira etorri zen. Bertako epaitegi batek Pablori Espainiako herritartasuna aitortu zion Pabloren izenpean (Errusiako izenaren itzulpena izanik) eta amaren aitaren abizenak gehituta: González Yagüe. Errusian jatorrizko izen abizenak izaten jarraitzen du eta bi pasaporte legal ditu.