Urtarrilaren hasieran euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon egiten den manifestazioa beti da berezia eskubideen aldeko egutegian, baina aurtengoa bereziki nabarmendu da, besteak beste, dagoeneko sakabanaketaren amaiera irudikatu nahi delako.
Horretarako logo aldaketa ere egin da, sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ohiko Euskal Herriko mapa eta geziak, bi gezitan bakarrik utziz, eta “etxera” gehituz. Horrez gain, bi urte joan dira pandemia dela eta ohiko manifestazioa Bilbon egiten ez dela, eta aurtengoan Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek deialdi bateratua egin dute Bilbon. Herrietan ere ahalegin berezia egiten ari dira autobusen antolaketan. Urriaren 8an ere ekitaldi berezia egin zen Donostiako Illunben sakabanaketaren amaiera gertu zegoela gogoratzeko.
Gaur egun, horrelakoa da presoen mapa, Etxerat elkartearen datuetan: 131 preso daude Euskal Herriko espetxeetan; hamasei euren etxeetan daude preso; hamalau sakabanatuak Espainiako Estatuan, gehienak Euskal Herriko inguruko espetxeetan; eta hamabi Frantziako Estatuan, horietako hamaika Lannemezanen. Guztira 173 preso. Oso urruti 2008an ziren 762 presoko kopurutik, baina jakina, ETAk 2011n utzi zuen jarduera armatua eta 2018an desagertu zen.
Arazoak hirugarren graduarekin
Orain dela gutxi arte preso gehienak espetxe zigor osoa beteta atera dira kalera, lehenengo graduan egonik espetxe onurarik ez dutelako izan. Azken urteetan hori aldatu da, gaur egun preso guztiak daude gutxienez 2. graduan, eta horrek esan nahi du espetxe onurak eskura ditzaketela.
Sare elkartearen esanetan, Espainiako Estatuan dauden presoetatik 113 hirugarren gradua lortzeko moduan leudeke, eta horrek esan nahi du aukera dutela egunez kalera ateratzeko, lotarako espetxera itzultzeko beharrarekin. Horrela denbora bat egon ondoren, hurrengo urratsa baldintzapeko askatasuna izaten da.
Bide horrek, ordea, oztopoak topatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2021eko irailean Eusko Jaurlaritzak espetxe zaintzaren eskumenak eskuratu zituenetik Jaurlaritzak 450 preso baino gehiagori onartu die hirugarren gradua, eta horietatik 33 euskal presoak dira. Jaurlaritzak argi adierazi izan du presoa gizarteratzeko modurik egokiena dela baimenekin kalera ateratzea, eta politika horrekin aurrera jarraituko duela, presoen arteko bereizketarik egin gabe.
Euskal presoen kasuan, dena den, espetxe zaintzarako eskubideak Auzitegi Nazionalaren esku daude, eta handik oztopoak jartzen ari zaizkie Jaurlaritzak emandako hirugarren graduei. Sareren esanetan, aipatu 33 preso horietatik 23ri hirugarren gradua kentzeko helegiteak jarri dizkiete Auzitegi Nazionalean; horietatik zazpiri hirugarren gradua kendu diete eta ostera ere espetxera sartu.
GAL, ETA, dispertsioa eta torturak
Larunbat arratsaldean, manifestazioa 17:00etan hasiko da Bilboko Autonomia kalean, Etxera bidea gertu lelopean, baina goizean ere izango da ekitaldi garrantzitsua Euskalduna Jauregian. Euskal Herriak bizi izan duen gatazkaren hainbat biktimak parte hartuko du mahai-inguru batean: Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxearen alarguna; Rosa Lluch, ETAk hildako Ernest Lluchen alaba; Maider García, GALek hildako Juan Carlos Garcíaren alaba; Irantzu Benito, zeinak espetxerako bisitarako bidean bi lagun galdu zituen auto istripuz; Mari Nieves Díaz, torturak salatu zituen Iratxe Sorzabal presoaren ama; eta Tamara Muruetagoiena, torturen ondorioz hil zen Esteban Muruetagoienaren alaba.
Maider Galardi kazetariak moderatuko du elkarrizketa. Gonbidapena behar da bertaratzeko eta edukiera mugatua izango du, baina zuzenean jarraitu ahal izango da Sareren webgunean eta Youtube kanalean.
Gaian gehiago sakondu nahi duenak jo dezake iragan urrian landutako Sakabanaketa amaitzear, baimenen blokeoa dator erreportajera. Bertan, euskal presoen egoera zertan den azaldu genuen, eta baimenen bideak dituen oztopoez gain, ETAko zuzendaritzakotzat jotako zenbait pertsonak etorkizun hurbilean espetxeratzeko duten arriskuaz ere jardun genuen.