argia.eus
INPRIMATU
Ozono geruza kaltetzen duen substantzia kimikoaren isuria %25 hazi da
  • Zientzialariek ohartarazi dutenez, ozono geruzaren berreskurapena hamar urtez atzeratu dezake kontrolpetik kanpo dagoen CFC-11 kimikoaren isuriak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko maiatzaren 17a
Hawaii-ko Mauna Loa Behategian CFC-11 kontzentrazio nabarmenak atzeman dituzte

Nature aldizkarian kaleratutako artikulu batean, Atmosferarako AEBetako Administrazioko arduradunek ikerketa baten emaitzen berri eman dute. Azaldu dutenez, klorofluorokarbonoen (CFC) isuriak handitzen ari dira modu oso larrian, batez ere CFC-11 (triklorofluorometanoa) da hazi dena, hain justu ozono geruzako zuloa eragin duen bigarren kimiko kaltegarriena.

Teorian, 2006. urtetik ez da CFC-11-rik produzitzen, baina egindako neurketen arabera substantzia horrek 2012tik aurrera %25eko hazkundea izan du atmosferan. Zientzialariek baztertu egin dute iraganeko isurien arrastoa denik, eta azpiprodukturen batek eragina denik ere: “Badirudi norbait isuri berriak egiten ari dela”, azaldu dio Stephen Montzka ikerketaren arduradunak The Guardian egunkariari. Hedabide horrek aditzera eman duenez, produkzio berria Asia ekialdeko “tokiren batean” dago.

CFC isuriek hazkunde nabarmena izan dute 2012tik hona.

CFCa aerosoletan, garbigailuetan eta antzeko beste makina bat produktutan erabiltzen zen, baina debekatuta dago 1980an ozono geruzako zuloa deskubritu eta hamarkada horren amaieran Montrealgo protokoloa sinatu zenetik. Ordutik egin izan dira substantzia horien neurketak eta joera izan da gutxitzekoa, ozono geruza berreskuratzeko bidean jarriaz.

Datu berri honek, nazioarteko araudia urratzeaz gain, hankaz gora jar dezake orain arteko lana, ikerlarien aburuz 10 urte atzeratu dezake geruzaren berreskurapena eta isuriak segiko balu oraindik denbora gehiago beharko litzateke.

Beste hipotesi kezkagarri bat ere esku artean dute zientzialariek: CFC-11 “berria” munduan oso zabalduta dauden aparrezko produktuetan erabiltzea barra-barra. Kasu hori balitz, oraindik isuritako substantzia kopuruaren zati txiki bati baino ez dio denborarik eman atmosferara filtratzeko, eta okerrena etortzeko legoke.