argia.eus
INPRIMATU
Ozeanoen gainazalean orain arteko tenperatura altuena neurtu dute
  • Itsaso gainazaleko tenperatura 20,96 gradutara iritsi da azkeneko asteetan eta 2016an ezarritako marka gainditu du. Adituek aurreikusi dute hurrengo asttean tenperaturak igotzen jarraituko duela.

     

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 16a
Uztaila neurtutako hilabete beroena izan da. Argazkia: Copernicus EU.

Europako Copernicus programak neurtu ditu inoizko tenperatura altuenak itsasoan: 20,96 gradu celsius, batez beste. Azken marka 2016 urtekoa da, 20,95 gradukoa. El Niño fenomeno atmosferikoak zeresana duela adierazi dute programako zientzialariek, eta hurrengo aste eta hilabeteetan errekorra behin eta berriz gaindituko dela esan dute, martxoan heldu ohi delako ozeanoko tenperatura maila gorenera. 

Copernicuseko kide Samantha Burgessek hurrengoa adierazi du:  “Zenbaki horietara orain iritsi izanak kezkatzen nau, izan ere nork daki noraino helduko diren tenperaturak hemendik martxora bitartean”. El Niño fenomenoaz gain, erregai fosilen erabilerak eta horren ondoriozko berotze globalak ozeanoaren beroketan eragin handia dutela salatu du. 

Ozeanoek Lurraren tenperatura erregulatzen dute, beroa eta karbono dioxidoa xurgatzen baitute. Baina ura berotzerakoan, gaitasun horiek galtzen dira, bero gutxiago xurgatzen dute eta berotegi-gas gehiago joango da atmosferara. Gainera, horrek poloetako izotzaren urtzea dakar, eta ozeanoaren maila are gehiago igo.

2019ko ikerketa baten arabera geroz eta itsas bero-bolada gehiago gertatzen ari dira ozeanoetan azken urteetan, %50 igo da 2016tik. Bero-boladek ozeanoetako ekosistemetan eragin handia dute, itsasoko bizitza askorekin bukatzen baitute.