argia.eus
INPRIMATU
Ozeano Bareko zabor-irla Iberiar penintsula baino ia hiru aldiz handiagoa da
  • Mugarik gabe ari da hazten Ozeano Barean noraezean dabilen zabor kopurua. Hala berretsi du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketak. Zabor-irla dagoeneko 1,6 milioi kilometro koadrokoa da eta barruan  80.000 tona plastiko izan ditzakeela kalkulatzen da.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 06a

Kutsaduraren tamainaz jabetzeko azalerak konparatu daitezke. Iberiar penintsulak 582.000 kilometro koadroko lur azala du. Itsasoan noraezean dabilen hondakin multzoak 1,6 milioi kilometro koadro; zaborra ia Espainia eta Portugalgo estatuak baino hiru aldiz handiagoa da.

Zaborra oro har itsaso guztietan dagoela dio ikerketak, gunerik esanguratsuenak, halaber, Hawaii eta Kalifornia arteko eremua da. Hiru urtez egon dira gune zehatz hori aztertzen eta ikertzaileen arabera, plastiko kopurua esponentzialki ari da handitzen.  

Itsasoen kutsadurak etenik ez duela nabarmendu du Ikerketak. Azken azterketekin alderatuz gero, egungo zabor kantitatea hamasei aldiz handiagoa da; Frantziaren azalera hirukoiztu egiten du

Ozeano Barean dagoen zabor-irla uste baino gehiago mugitzen dela ere ondorioztatu dute ikerlariek. Lehen ideia zabor-irla leku jakin batean geldirik egongo zela baitzen. Hiru urteko ikerketak, aldiz, hipotesia zapuztu du eta uste baino “biziagoa” dela esan dute egileek. Zabor kopuruaren %20 2011n Japonen gertatu zen tsunamiaren ondorioa izan daitekeela ondorioztatu dute eta etengabeko mugimendua duenez, han-hemengo zaborrak bereganatzen dituela.

Laurent Lebreton ikerketaren egileetako bat da eta egoera iraultzeko neurriak hartzearen beharra “berehalakoa” dela nabarmendu du. “Plastiko kopurua hazten ari da eta egoera okerrera doa. Neurriak hartu behar dira hondamendi honekin amaitzeko”.