Atlantikoa eta Ozeano Barea lotuko dituen kanala egiteko obrak hasi dira Nikaraguan. Kritikak eta zalantzak sortu ditu proiektuak, kanala fenomeno meteorologikoek kaltetutako gune batean egin nahi dutelako.
Proiektu osoaren zati bat baino ez da kanala, Vilawebek argitaratu duenez. HKND enpresa txinatarra igandean hasi da aldi baterako portua sortzen Brito ibaiean.
Gobernuaren babes osoa du proiektuak. Kanalak 278 kilometro izango ditu, Panamakoa baino hiru aldiz handiagoa izango da.
HKND enpresa txinatarraren arabera 4,5 eta 5 milioi metro kubo lur mugitu beharko da, guztira 50.000 milioi dolar (40.7963 milioi euro). Daniel Ortega Nikaraguako presidentearen iritziz proiektuak langabeziarekin eta txirotasunarekin bukatzea lortuko du.
Kritikak eta zalantzak
Proiektuak hainbat zalantza sortu ditu, eta kritika eta protesta ugari izan dira.
Batetik, Wan Jing HKND enpresako burua jarri dutelako proiektu konplexu honen gidaritzapean; orain arte ezezaguna zen pertsona. Bestetik, munduan fenomeno hidrometereologikoengatik gehien kaltetutako herrialdea delako.
Azken arrazoi horrengatik AEBek atzera bota zuten duela mende bat Nikaraguan kanal hidrauliko bat egiteko ideia eta Panaman egin zuten.
Nikaraguako Lurraldetasun Ikerketa zentroko (INETER) datuen arabera, mende bat baino gutxiagoan 70 zikloi eta bi urakan izan dituzte. Gainera, urteko 30 lurrikara inguru gertatzen dira.
Kanala eraikiko duten lekuan bizi diren biztanleak proiektuak sor ditzakeen kalteen beldur dira. Izan ere, Gobernuak enpresa txinatarrari 50 urtez lurrak okupatzeko baimena eman dio.