argia.eus
INPRIMATU
Oxfamek dio AEBko 50 korporazio handienek 1,4 bilioi dolar gorde dituztela paradisu fiskaletan
  • Applek 181.000 milioi dolar, General Electricek 119.000 milioi, Microsoftek 108.000 milioi… eta horrela AEBetako 50 multinazional handienen artean 1,4 bilioi dolar osatu arte. Oxfam erakundeak kopuru horietan zehaztu du 2008tik 2014a bitartean ogasun publikoari zergarik ez ordaintzeko egindako iruzurra.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko apirilaren 15
Oxfamen kanpainako afixea: "Txirotasunetik ateratzeko Barbarak zuen aukera Kaiman uharteetan daukate gorderik. Korporazioen zerga-abusua gelditzeko garaia da".

Ostegunean, apirilak 14, plazaratutako “Broken at the top” dossierrean aurreratu ditu datuok Oxfamek, eta koadro honetan laburbildu banan bana 50 korporazio erraldoi horiek ezkutatuko diruak, alderatuz AEBetako gobernuagandik jasotako diru-laguntzak. Izan ere, zergak ordaintzerakoan hain zuhur eta uzkur jokatzen duten multinazionalok 2008-2014 epe berean gobernuagandik jaso zituzten 11,2 bilioi dolar bateko eta besteko diru-laguntzatan.

Dossierraren laburpenean dio Oxfamek: “Multinazionalek saihestutako zergengatik AEBk 111.000 milioi dolar galtzen dituzte urtero eta herrialde pobreei 100.000 milioi gehiago zurrupatzen dizkiete, horrela galaraziz hauek behar dituzten inbertsioak hezkuntzan, osasun zerbitzuetan, azpiegituretan eta txirotasuna murrizteko bestelako politiketan”.

Zergen saiheste eta iruzur hau gabe, azpimarratu du Oxfamek, ezin da ulertu azken urteotan munduko aberatsenen eta txiroenen arteko leizearen handitzea. Gero eta murritzagoa eta dirudunagoa den elite txikiak abokatu eta aholkulari armada bat dauka bere zerbitzura agintariek onartu ditzaten paradisu fiskalen bidezko zerga ihes horiek baimentzen dituzten legeak.

Panamako Paper famatuen eskandaluaren erdian zabaldu ditu datuok Oxfamek. Informazio garrantzitsua, orain artean Panamatik iritsitako informazioek ez dutelako iruzur itzelaren zati kasik anekdotikoa baizik azaleratu.