argia.eus
INPRIMATU
Beste 260 milioi pertsona muturreko pobrezian murgilduko dira aurten, Oxfamen arabera
  • Egunean 1,74 euro baino gutxiagorekin bizi diren jendeen kopurua 600 milioitik 860 milioira pasako da munduan 2022a amaitzen denerako, "Krisiaren ondoren, hondamendia" izenburupean Oxfamek apirilaren 12an argitaratutako txostenean salatu duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko apirilaren 12a

Urtea amaitzen denerako, mundu osoko 860 milioi pertsona izango dira egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin biziko direnak, egun baino 260 milioi gehiago. Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak udaberria hasi berritan egin dituzten bileretako erabakietatik abiatuta egin ditu kalkulu hauek Intermon Oxfamek.

"G20ak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak ez badute berehala neurririk hartzen, inflazioak, desorekek eta COVID-19ak 260 milioi pertsona muturreko pobreziara eramango dituzte 2022an".

Elikagaien garestitzeak bakarrik, 65 milioi pertsona murgilduko ditu pobrezian, Erresuma Batua, Alemania, eta Frantziako eta Espainiako Estatuetako biztanle guztiak adina. Gosetea pairatzen duten eskualdeetan gertatuko da hori, Ekialdeko Afrikan, Sahelen, Yemenen eta Sirian.

Intermon Oxfametik, horrez gain, genero desberdinkeriak ere areagotuko direla salatu dute: "2021ean jada 13 milioi emakume gutxiagok dute ordainpeko lana, 2019arekin konparatuz; gizonezkoen kasuan, 2021erako errekuperatua zuten 2019ko maila".

Neurri erradikalak eskatu dituzte hondamendi gisa deskribatzen duten egoera saihesteko: "Urteroko zerga bat ondarearengan –%2koa fortuna milioidunetan eta %5ekoa milaka milioi dituztenen kasuan– eta horrekin 2,52 bilioi dolar jasoko lirateke urtero mundu osoan, nahikoa 2.300 milioi pertsona pobreziatik ateratzeko, munduko biztanle guztientzat txertoak eskuratzeko eta herrialde txiroetan osasun eta babes sozial unibertsalak eskaintzeko", azaldu dute Oxfametik. Argentinak norabide horretan hartutako neurria txalotu dute.

Gogoratu dute herrialde askok ezingo dutela aurten kanpo zorra ordaindu, eta beren zerbitzu publikoak oraindik eta gehiago murriztuko dituztela, herrialde kolonizatzaileei zor bidegabe hauek ordaintzeko. Eskatu dute ez ordainarazteko zor hauek herrialde txiroei.