Ertzaintzak hirugarren saiakera egin du asteartean Otxantegi Herri Lurrak husteko, epaileak hala aginduta. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta teilatuan, lurrean zein dorretxean erresistentzian zeuden guztiak kanporatu ditu Poliziak. Hiru lagun zauritu dira hustean, Otxantegiko kideek baieztatu dutenez.
Otxantegi Herri Lurrak husteko agindua zuten maiatzaren 7rako, eta 08:00etatik lur horiek defendatzeko hamarnaka lagun elkartu dira Berangoko (Bizkaia) eremu horretan, gosari herrikoian. Beste bi aldiz saiatu da Ertzaintza herri lurrak husten, baina geldiaraztea lortu dute, erresistentziarako deiari erantzunez elkartutako jendearen aurrean “nahikoa baliabide” ez zutela esanda bertan behera utzi zuten hustuketa azaroan eta apirilean.
Ordea, astearte goizean hamabi furgonetarekin eta baliabide andanarekin agertu da Ertzaintza, Otxantegiko kideek jakinarazi dutenez. Babesa ematera joandako kideak kanporatu dituzte sarreratik lehenik, eta lurrak eta dorretxea defendatzen ari zirenak ere bota dituzte poliziek. Kanporatzen azkenak izan dira teilatuan eta sarrerako egurrezko egiturara igota zeuden kideak. Hustea eragozten ari ziren kideak identifikatu dituzte. Pertsona bat atxilotu dute eta beste bi osasun langileek artatu dituzte, Hiruka hedabideak jakitera eman duenez; ospitalera eraman dituzte. Otxantegiko kideek ohartarazi dutenez, atxilotutako laguna ere zaurituta dago.
Hirukako kazetariek adierazi dute Ertzaintzak ukatu egin diela husteari buruz barrutik informatzea: “Kazetarioi ez digute barrura sartzen utzi gure lana egitera. Ordea, kanpotik jarraipena egitera behartu gaituzte”. Zuzeneko jarraipena egin dute, dena den, eta goiz osoan kontatu dute ekintzaileek erresistentzia egiten jarraitu dutela, eserialdiak eta "Otxantegi aurrera" oihuak tarteko.
Bi urtez landu dituzte Otxantegiko lur horiek modu kolektiboan, baina proiektu agroekologikoaren kontrako agindua eman zuen epaitegiak: lehen aldiz azaroan eskatu zuen husteko. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan.
Otxantegi Herri Lurra nola sortu zen honela kontatua dute sare sozialetan: "Berangoko Udalak eta Aguirre-Lipperheide familiak urteak daramatzate herri lurrak izan behar zirenekin espekulatzen. Horregatik ekin genion Otxantegi Herri Lurra proiektu herrikoiari, lurrak nekazaritzarako mantendu behar ditugula aldarrikatzeko. Ordutik, oztopo argia gara gutxiengoa diren aberatsentzat. Lotsarik eta gupidarik gabe, espekulatzaileek haien interesak 'eskubide' gisa aldarrikatzen dituzte, haien asmoak herritarron interesen aurkakoak diren arren. Horregatik kanporatu nahi gaituzte eurotan soilik neurtzen dituzten lurrotatik".