argia.eus
INPRIMATU
Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko
  • Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.

Oihane Ozaeta Fernandez Aiaraldea @aiaraldea 2024ko uztailaren 24a
Angel Salas Larrazabal Berlinen Espainiako enbaxadorearekin. / Aiaraldea

EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bati, Angel Salas Larrazabal militar urduñar frankistari, emandako kondekorazioak kentzeko eskatuz, sarraskitik 88 urte betetzen diren egun berean.

Otxandioko bonbardaketa frankisten altxamendu militarra gertatu eta lau egunera gauzatu zuten, Durango eta Gernikako bonbardaketen aurretik. Guztira, 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen erasoak, eta herria erabat suntsituta utzi zuen.

Hori gutxi balitz, Felipe Gonzalezen gobernuak sarraskiaren arduradun nagusietako bat saritu zuen Aireko Armadako jeneralaren ohorezko izendapenarekin, "aparteko merituak" egin izanagatik.

EH Bilduren Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak “onartezintzat” jo du 88 urte geroago sarraski horren erantzule zuzenetako batek oraindik ere dominak mantentzea. Hori dela eta, mozioa aurkeztu du Espainiako Gobernuari "berehalako neurriak" har ditzala exijituz.

Memoria Demokratikoaren Legeak krimen faxistekin lotutako ohorezko-izendapenak indargabetzea ezartzen duela nabarmendu du Elejabarrietak. Are gehiago, apirilaren 2an, Elejabarrieta berak galdera luzatu zion gai horri buruz Angel Victor Torres Memoria Demokratiko ministroari.

Ministroak arrazoia eman zion EH Bilduri Senatuko kontrol saioan, eta "prestutasun osoa" adierazi zuen injustizia horrekin amaitzeko beharrezko neurriak hartzeko. 

Gauzak horrela, Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariaren eskariari erantzunda, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuen Angel Salas Larrazabal militar urduñarrari demokrazian emandako kondekorazioak kentzeko.

88 urte sarraskia gertatu zenetik

Bonbardaketa egunean gertatutakoa gogoratu du Elejabarrietak: "1936ko uztailaren 22ko goizean, Otxandio gainetik hegan zebiltzan Breguet 19 hegazkinak paperak jaurtitzen hasi ziren, eta behin ingurura hainbat pertsona erakartzea lortu zutenean, bi hegazkinak barruan zituzten bonbak jaurtitzen hasi ziren. Emaitza: suntsitutako herri bat, 61 hildako eta zauritu ugari".

Bonbardaketaren gidariek Mola jeneralaren zorion mezuak jaso zituzten, senatari subiranistak salatu duen bezala: Angel Salas Larrazabal bera Franco, Mola eta Queipo de Llanoren arteko lotura izatera iritsi zen, eta senatari lanetan ere jardun zuen.

II. Mundu Gerran pilotu gisa parte hartu zuen ‘Escuadrilla Azul’ izeneko brigadarekin,  Armada Nazian integratuta zegoena Sobietar Batasunaren kontrako inbasioan.

Elejabarrietak nabarmendu du EH Bilduk ez duela amore emango eta justizia egin arte lanean jarraituko duela erakunde guztietan: "Ulertezina izango litzateke Gobernuak eskari hauei entzungor egitea eta  neurririk ez hartzea".