argia.eus
INPRIMATU
Otsoa babesteko neurriak salatu dituzte abeltzainek Amurrion, hildako ardiak jendaurrean erakutsita
  • Abeltzainek otsoen azken erasoak salatu dituzte igandean ospatutako Amurrioko Artzain Egunean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Iragan astean otsoek Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora, erakusteko artaldeak otsoen erasoetatik babesteko proposatzen diren neurriak ez direla "eraginkorrak".

ARGIA @argia 2024ko irailaren 24a
Otsoak Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora / Argazkia: @Arantxa2012

"Ba al dakizue pottoka, sasiardi, apigorri-ahuntz edo behi terreña gutxiago dagoela otsoak baino?", galdetu du UAGAko kide Julen Martinez de Santosek, Alea.eus-ek jaso duenez. "Bidezkoa al da otsoa muturreraino babestea ardiak, ahuntzak, txahalak, moxalak aintzat hartu gabe? Otsoak babes berezia behar badu, gure ganaduak zergatik ez?".

Elkarteak, pasa den ostiralean plazaratutako prentsa oharrean, salatu du Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Planak "otsoa lurralde osora hedatzea sustatu eta mendiko abeltzaintza alboratu" egiten duela. Besteren artean, "kalteak saihesteko neurriei dagokienez", UAGAk azaldu du profesional edota boluntarioek osatutako taldeak eratu nahi dituztela, baina lehen sektorea sektore profesionala izanik, "egiturazko neurri serioak" behar dituela, "ez boluntarioen esku geratzea". Halaber, mastin txakurrak "irtenbide magiko gisa" aurkeztea salatu du, errealitateak erakutsi duelako mastinek, konpondu baino gehiago, arazoak areagotu ditzaketela, aintzat hartuta mendietan zenbat lagun ibiltzen den. "Elkarbizitza zaila da geroz eta ugariagoak diren mendizale, txirrindulari, korrikalari eta abarrekin".

"Planaren helburua EAEn otsoaren kontserbazio-egoera ona lortzea bada, otsoa animalia horien benetako erroldarekin kuantifikatu eta alderatu beharko litzateke, kontuan hartuta penintsulako gainerako lekuetan duten kontserbazio-egoera", gaineratu du UAGAk. "Izan ere, otsoaren presentzia eremu oso zehatz batera mugatu da Euskadin; orain, lurralde osora hedatzea aurreikusten da, eta hori abeltzaintzarako mehatxu larria da. Abeltzainok, arazoak sortzen dituzten otso aleak ateratzea bultzatu behar dela uste dugu, abeltzaintzan kalteak murrizteko". Era berean, uste du Eusko Jaurlaritzak negoziazioetan sakondu beharko lukeela Espainiako Gobernuarekin, otsoa LESPRE babes bereziko erregimenean dauden basa-espezieen zerrendatik atera eta haren legezko babesa 2021aren aurreko egoerara itzultzeko.

Amurrion bildutako abeltzainek otsoaren eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza ezinezkoa dela adierazi dute, eta otsoak eraso egin duen tokietatik "eramatea" eskatu dute. "Asko hitz egiten da Felix Rodriguez de la Fuenteri buruz, baina gutxik gogoratzen dituzte honelako esaldiak: 'Otsoak ahal duen lekuan eta behar duen lekuan bizi beharko du'".