argia.eus
INPRIMATU
Otsailetik Nafarroako gazteen artean langabezia %47 hazi dela ohartarazi du ELAk
  • "Ekoizpen eredua aldatu eta enplegua baldintza duinetatan sortuko duten" enplegu-politika berriak aldarrikatu ditu ELA sindikatuak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko abenduaren 04a

Azaroko langabezia datuak ezagutzera eman dituzte gaur, eta ELA sindikatuak bi aldagaietan ezarri du arreta: gazteen eta emakumeen arteko langabezian. Sindikatu abertzaleak ohartarazi duenez, gazteen langabeziak gora egin du berriro: %3,8ko goraka da izan du (170 gazte). "Kopuru horiek bizitzen ari diren egiturazko arazoa areagotzen dute. Prekarietatearen arazoari 4.685 pertsonari eragiten dien langabezia gehitu behar zaio; horrek esan nahi du gazteen langabezia %47,1 igo dela otsailetik hona", adierazi dute ohar bidez.

Egun Nafarroan 39.527 pertsona daude langabezian, eta horietatik %58 emakumeak dira. "Ehuneko horrek gora egin du pandemia hasi zenetik, eta horrek erakusten du langabeziak eragin handiagoa duela emakumeengan gizonengan baino", azaldu du ELAk. 

Egoera iraultzeko, administrazioaren aldetik neurriak behar direla aldarrikatu du sindikatuak:  Beste enplegu-politika batzuk behar dira, ekoizpen-eredua aldatuko dutenak eta enplegua baldintza duinetan sortu eta finkatuko dutenak. Horretarako, inbertsio handiagoa egin behar da sektore publikoan, eta gobernuek inplikazio handiagoa izan behar dute sektore estrategikoetan. Neurri horiekin batera, enplegurik gabe gelditu direnei, diru-sarrera urriak dituztenei eta pandemia aurretik ere egoera larrian zeuden kolektiboei prestazio eta zerbitzu duinak bermatu behar zaizkie, pobrezia-egoerak saihesteko".