Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.
Joan den astearte eta asteazkenean bilera telematikoak egin ei zituzten erreforma lantzen ari diren PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ eta Junts. Datorren astean ponentzia landu nahiko lukete Kongresuan, ondoren Barne batzordean aurkezteko eta azkenik osoko bilkurara eramateko, ahal dela otsaileko lehen osoko bilkuran.
El Plural-ek jaso duenez , abenduan indargabetu zen segurtasun indarren irudiak argitaratzeagatik zigorrak jartzearen atala, baina ez guztiz, hiru salbuespen mantenduko baitira: poliziaren edo haren familiaren segurtasuna kolokan jartzea, indarrean diren polizia operazioei eragitea, edota segurtasun eraikuntza garrantzitsuei eragitea. Salbuespenak esaten da, baina ikusteko dago hiru baldintza horiek zein aukera ematen dieten segurtasun indarrei haien irudiengatik zigorrak jartzen jarraitzeko, orain arte bederen Poliziaren interpretazioa nahikoa izan baita zigorra ezartzeko.
Azken asteetan, halaber, adostasunak lortu dituzte alderdiek isunen inguruan, eta isunen eredu berria izango da herritarraren diru sarreren araberakoa. Hala, Gutxieneko Lansaria baino 1,5 gehiago arte jasotzen dutenek %50eko beherapena izango dute isunean, eta %25eko beherapena 1,5 eta 2,5 gehiago artean eskuratzen dutenek. Areago, bertan behera ere gera liteke dagokion kontziliazio-ekitaldiaren ondoren.
Isunen beherapenak ere adostuta daude: isun arinentzat gutxieneko kopurua 100 eurokoa izango da, orain arte bezala, eta handiena 600 eurotik 500era jaitsiko da. Larriak 501 eta 25.000 euro –gaur egungo 30.000 dira– artean egon litezke eta oso larriak 25.001etik 600.000ra. Orain arteko guztiarekin, erreforma osoaren %96 adostuta legoke, baina oraindik desadostasunak daude gomazko piloten erabileran, agintaritzarekiko begirune ezaren zigorretan eta desobedientzia kontzeptuaren definizioan.
Dagoeneko bi urte pasatu dira Kongresuak onartu zuenetik Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzeko EAJren proposamena. Harrez gero, gaiari buruzko lau ponentzia egin dira eta bosgarrena eta azkena egin nahi da datozen egunetan.
Herri mugimendutik, oro har, erreforma arbuiatu eta lege osoaren indargabetzea eskatzen dute. Mozal Legea PPk onartu zuen 2015ean eta bada askatasunaren mugatzeari buruz sarri aipatzen den paradigmaren adierazle: herritarren askatasunen aurka arautzen denean gero zaila izaten dela horretan guztian atzera egitea eta beti geratzen dela arrasto errepresiborik. Kasu honetan Espainiako Kongresuak argi berdea eman zion testuari 2015eko martxoan PP eta UPNren 181 botoekin; 140 boto aurkakoak izan ziren, eta abstentzio bakarra egon zen. Orduan guztiz aurka zegoen PSOE, orain erreforma guztiz indargabetzearen aurka agertu da.