Musika, antzerkia, bertsoak, dantza… Eskaintza zabala egingo du Korrika Kulturalak otsailaren 9tik abiatuta. Egitarauarekin batera, ekimenaren agenda osoa biltzen duen eskuko telefonoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute, Gasteizen egindako ekitaldian.
Asier Amondo Korrikako arduradunak azaldu duenez, lasterketa aurrera ateratzeko jendarteak egiten duen ahaleginaren zati bat “bueltan emateko” helburua du Korrika Kulturalak. Lehenbiziko ekitaldia Kepa Junkera eta Sorginen kontzertua izango da, gaurko aurkezpena egin duten leku berean Europa jauregian. Maletak ikuskizuna estreinatzeko baliatuko dute emanaldia.
Ez da hori izango, ordea, Korrika Kulturalaren barruan egingo den estreinaldi bakarra. Mikel Martinez eta Patxo Telleria bikoteak (Tartean Teatroa) Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa antzezlana eskainiko du; Bertsokorrika bertso-emanaldi sorta egingo da; Kukai dantza taldeak Oskara plazara lana agertuko du; Beatriz Elgezabal ipuin kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak Erradikalak gara ikuskizuna taularatuko dute; eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Tipi-tapa, Korrika! izeneko emanaldia ekarriko dute.
Bestalde, otsailaren 11n Korrikaren urteurren jaia egingo da, Irungo Ficoba erakustazokan. Amondok azaldu duenez, korrika.eus webgunean eman daiteke izena hara joateko.
Korrika osoa patrikan
Eskuko telefonoetarako aplikazioa aurkezteko baliatu dute Gasteizko agerraldia, halaber. Haren bitartez Korrika Kulturalaren agenda osoa eskura eduki eta, behin hasita, lasterketa une oro non dabilen jakin ahal izango da. Android eta iOS gailuetan erabiltzekoa modukoa izango da aplikazioa.