argia.eus
INPRIMATU
Otsailaren 7ra arte segituko dute greban Gipuzkoako egoitzetako langileek
  • ELA sindikatuak bilera izan zuen urtarrilaren 10ean patronalaren zati batekin, Lan Harreman Kontseiluan. Sindikatuak greban segitzea erabaki du, eskatutako bi baldintzei buruzko erantzunik ez zuelako eraman patronalak. Langileek 180 egunetik gora egin dituzte greban.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 13a
Urtarrilaren 10ean grebak aurrera jarraitzea erabaki zuen ELA sindikatuak. Argazkia: ELA.

ELA sindikatuak gutxieneko bi baldintza eskatuak dizkio Gipuzkoako egoitzetako sektoreko patronalari: 2017ko eta 2018ko urteei dagozkien soldatak igotzea eta sektoreko mahaian sinatutako hitzarmena enpresa bakoitzean zigilatzea. Sindikatuak adierazi du patronala erantzunik gabe azaldu zela bilerara.

Urtarrilaren 17an, ostiralean, beste bilera bat egingo dute eta sindikatuak adierazi du patronalak proposamen bat ekartzeko konpromisoa hartu duela. Sindikatuak ardura nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiak duela azpimarratu du, “dirua berak jarri behar duelako”.

ELAk ordezkaritzaren %60 du eta negoziazio mahaitik kanpo ari da patronalaren zati batekin akordioa lortu nahian. Ordezkaritza gehien duen hurrengo sindikatuak, LABek, hainbat greba egun egin ditu. UGTk %10eko ordezkaritza du eta azaroan soldatak hobetuko dituen akordioa lortu zuen patronalarekin.

ELA sindikatuak 2017ko irailean hasi zuen gatazkaren kontakizun osoa duzue Gipuzkoako zahar egoitzeko gatazka izeneko kanalean.