Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.
Egun horretatik aurrera, beraz, Hego Euskal Herrian ez da derrigorrezkoa izango maskararik eramatea, bai ordea osasun eremuko eraikinetan, izan osasun-zentro, erietxe edo zentro soziosanitarioetan, esate batera, optiketan, farmazietan edo hortz-kliniketan.
Azken asteotan Espainiako Gobernuak presio ugari jaso ditu garraioan debeku hori bertan behera uzteko, eta agintariek iragarria zuten laster onartuko zela. Horrez gain, neurriaren eraginkortasuna ere oso zalantzan jarri izan da azkenotan, bereziki gero eta herritar gehiagok muzin egin diolako maskara eramateari edo bestela gaizki jarrita eramaten delako.
Litekeena da datozen asteetan farmazietarako debekua kentzea, baina Dariasek ministroak ostegun honetan adierazi duenez, “joan gaitezen apurka”. Duela urtebete altxatu zen kanpoan maskara eramateko derrigorra, otsailaren 10ean, eta bi hilabete geroago, apirilaren 20an, barrualdetan eramateko derrigorra kendu zen.