argia.eus
INPRIMATU
Gaur hasiko da Iruña-Veleiako grafitoen auziaren aurkako epaiketa
  • Hiru pertsona daude auzipetuak epaiketan. Arabako aztarnategi arkeologikoko grafitoak faltsutzea leporatzen diete fiskaltzak eta Arabako Foru Aldundiak.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 03a
Iruña-Veleian aurkitutako piezetako bat.

Hiru dira auzipetuak. Egitateen garaian aztarnategiko zuzendari Eliseo Gil; Oscar Escribano arkeologoa; eta Rubén Manuel Cerdán fisikari nuklearra. Lehenengo biei aztarnategian aurkitutako grafito batzuk faltsutzea leporatzen diete akusazioek, eta fisikariari, aldiz, horien egiazkotasuna frogatuko luketen txosten faltsutuak egitea.

Urtetako espetxe zigor eskaerak

Gilentzat fiskaltzak bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du, ondare historikoaren aurkako delitu jarraitua eta dokumentu pribatuen iruzurra leporatuta. Aldundiaren eskaera zazpi urte eta erdikoa da, aurreko akusazioei kalte eta iruzur delitu jarraitua gehitzen baitie. Escribano arkeologoarentzako hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du aldundiak, ondarearen aurkako kaltea egotzita. Fiskaltzak bost urte eta erdira igotzen du eskaera, iruzurra ere leporatzen diolako. Cerdán fisikariarentzako hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatzen du aldundiak, eta bi urte eta sei hilabetekoa fiskaltzak, iruzurragatik.

Euskararen jatorriak

2005 eta 2006 urteetan hainbat grafitoren berri eman zuen Iruña-Veleia aztarnategia aztertzen ari zen eta Gil buru zuen Lurmen enpresak. Historikotzak jo zituzten. Grafitoak zeramika piezen gainean zeuden idatziak, eta horietatik ondorioztatu zitekeen III. mendean euskara inguruan zabalduta zegoela. Gerora etorri ziren iruzur leporaketak, eta ordutik aldeko eta aurkako iritziak eta jarrerak ugariak izaten ari dira.

Epaiketa aurretik, otsailaren 1ean, “Zientziarik gabe, justiziarik ez!” lelopean, Iruña Veleia Argitu plataformako kideek Gasteizen bizikleta martxa egin zuten eta Gasteizko epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Plataformak akusatuak errugabeak direla dio, eta piezak faltsuak diren ala ez jakiteko froga zientifiko gehiago eskatu dituzte.