argia.eus
INPRIMATU
Otsailaren 23an zinemetara helduko da ‘Negu Hurbilak’ pelikula
  • Ihesean ari den euskal militante baten ezinegona zineman irudikatu dute 16mm-tan. Zubietan eta inguruetan grabatu du filma Negu kolektiboak, tartean dira Ekain Albite eta Mikel Ibarguren. Zubietako herritar asko ageri dira filmean; aktore profesional bakarra Jone Laspiur da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko otsailaren 06a

Abenduan iristekoa zena, otsailera atzeratu da azkenean. Bartzelonan ikusiko du argia Negu hurbilak film luzeak, hango ESCAC zine eskolako gradu amaierako film labur gisa jaio zelako. Labur izatetik luze izatera pasatu zen laster, edukia egon bazegoela ikusten zutelako gidoiarekin lanean zebiltzan Ekain Albite eta Mikel Ibarguren gazteek eta Negu kolektiboko partaide diren beste bi zinegile kataluniarrek. Eskubideak eskolari eskatu zizkioten, eta Maluta*films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen laguntzaz film luzea ondu dute.

Euskal gatazka deitu izan zaionaren bestelako aurpegi bat erakusteko asmoa izan dute. Bi egileek Lander Arretxeari elkarrizketa honetan adierazten zioten bezala, "gogoa" sentitzen zuten orain arte eraiki diren errelatoetatik kanpoko zerbait egiteko.

Ibarguren: "Orain arte egin dena begirada morboso eta epiko batekin egin da, idealizazio edo gorroto logikatik. Gu beste toki batetik abiatu gara (...) dokumentazio prozesu luzea egin dugu mugalariekin, ihesean ibili den jendearekin eta abar. Akzio askoko film bat izan zitekeen, baina kontatu digutena ez da hori izan. Zain egotearen eta isiltasunaren minak kontatu dizkigute (...) Batzuetan, mendi osoa argazkitzen saiatzen gara. Guk argazki orokorrago horren zati txiki bati begiratu nahi izan diogu, hautu ideologiko eta artistikoekin egindako puzzlea osatzeko gero".

Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, joan den abenduan, ARGIArako eginiko elkarrizketan. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zubieta herria oso presente dago lehen planotik azkeneraino, eta gorputza ipintzen dute bertako herritarrek. Aipaturiko elkarrizketan, kameren aurrean agertzeko izandako naturaltasuna nabarmendu zuten: "Zinegileak ulertzen duenean bere begien aurrean gertatzen dena interesgarriagoa izan daitekeela buruan duena baino, mundu berri bat zabaltzen zaio. Jende askok nahi du paperean irudikatu duena zehatz-mehatz egitea, baina ikusi genuen gertatzen zena askoz konplexu eta interesgarriagoa izan zitekeela, eta gero guk eraman behar genuela gurera, kamera eta muntaiaren bidez".

Jone Laspiur da aktore profesional bakarra –Goya sariduna 2021ean, emakumezko aktore berri onenagatik–. "Aliatua" ere bai Ibarguren eta Albiterentzat; Laspiur bera prozesuaren parte izan da. Grabatzera edo entseatzera ez ezik, jendea ezagutzeko unean ere parte hartu du.

Ibilbidea zine jaialdietan

Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdian, mundu mailako zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketan estreinatu zuten Negu hurbilak pelikula. Epaimahairen Aipamen Berezia eskuratu zuen.

Estreinaldi horri buruz galdetuta, honelako oroitzapena zuen Albitek: "Gaitasuna izan dute kapa batzuk irakurtzeko guk kontzienteki antzeman ez genituenak. Sakonago jotzen dute, ez daudelako baldintzatuta kontakizun baten aurrean duten jarrera bat edo besteagatik. Hori oso ederra izan da".

Ordutik, beste hainbat zine jaialditatik ere igaro da. Seminci-n, Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean, esaterako, publikoak interesa agertu zuen. Albite: "Valladoliden gaueko hamabietan hasi zen solasaldia, eta hala ere hogeita hamar lagun geratu ziren, galderak egin eta erantzunak jasotzeko gogoz. Galdetu ziguten ere gai hau zergatik hautatu genuen. Gatazkak gure bizitza eta izaeraren parte bat baldintzatu du. Nola ez genuen ba gai hau jorratuko?".

Epaimahai Gaztearen saria ere eskuratu du Madrilgo Márgenes Zinemaldian, eta Bartzelonako L’Alternativa jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaren ere parte izan zen.