argia.eus
INPRIMATU
Otsailaren 16rako mobilizazio nazionala deitu du Ernaik, “prekarietateari ateak ixteko”
  • “Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute, bizirautera kondenatu. Eta enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da".

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko abenduaren 21
Argazkia: @topatu_eus

Gazteen bizitzak “prekarietatez ezaugarritu” dituztela esan dute Gazte Antolakundeko kideek, eta enpleguari lotutako “baldintza kaxkarrez haratago”, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu direla gazteen bizitzako eremu guztietan: “Emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da eta jakin badakigu hau ez dela trantsitorioa edota koiunturala”.

Horregatik, “prekarietateari ate guztiak lehenbailehen ixtea” beharrezkoa dela azaldu dute eta otsailaren 16rako mobilizazioa deitu dute: “Iberdrola dorre paretik abiatuko da mobilizazio nazionala. Bilboko kaleak hartuko ditugu prekarietatea gelditu eta Euskal Herrian bizi nahi dugula aldarrikatzeko”.

Oraina Borrokatzeko Koordenadak dossierrean egoeraren analisi propioa egin ondoren, Gazte Biran abiatutako harreman sarea handitzen eta zabaltzen joan dela aipatu dute Ernaiko kideek. Euskal Herriko eragile, talde edota norbanako ezberdinekin “egoeraren larritasuna” elkarbanatu ostean, beraien hipotesietan berrestu dute: “gure bizitzen alor guztietako prekarietatearekin amaitzea beharrezkoa da. Argi dugu baina, borroka kolektiboa dela”.

Horregatik, kolektiboki “alarmak piztu” eta prekarietateari “ateak ixtea” tokatzen dela errepikatu dute eta horretarako, herri eta auzoetako lana ezinbestekoa izango dela: eremu lokaletako problematikak landu, egoerak elkarbanatu, bide berriak ireki…

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.