Arratsaldeko Iruñeko manifestazioan 4.000 pertsonatik gora bildu ziren, goizeko Nafarroako Gobernuaren aurreko bilkuran baino gehiago. Sindikatuek gutxieneko zerbitzu gehiegizkoak salatu dituzte eta lanuztearen balorazio positiboa egin dute.
Nafarroako Gobernuaren datuetan Osasunbidean langileen %10,69k egin zuen greba, baina kontuan hartu behar da 8.261 langiletik 4.359 gutxieneko zerbitzuetara deitu zutela. Administrazio orokorraren esparruan 17.890 langileetatik 1.991ek gutxieneko zerbitzuak egiten zituzten, eta greba egin zuen 2.262 pertsonak (%14,23).
Irakaskuntzan jarraitu zen gehien lanuztea, 1.907 pertsonak (%17,42) egin zuen greba. Hezkuntzan, bereziki D ereduan egin zen jarraipena, datuen arabera. Daturik izan gabe ere, goizean bereziki baina arratsaldeko manifestazioan ere bai, hainbatek aipatu zuen horixe bera, batez ere mobilizazioan euskara asko entzuten zelako. Nafarroako administrazio publikoan 29.000 pertsona ari dira lanean.
Eta grebetan ohikoa den bezala, biharamunean balorazioen gerra dator. Kasu honetan Nafarroako Gobernuak esan du aintzat hartzen duela protesta, eta prest dagoela negoziazio mahaian esertzeko, baina ez duela soldata igoerarik eskainiko orain arte egindako proposamenetatik gora. Pentsatzekoa da sindikatuak indartuta joango direla negoziazio mahaira, horren denbora gutxian kalean mobilizazio ahalmen maila bat erakutsi dutelako.
Baina zer da gutxi edo asko? Batetik, gutxieneko zerbitzuek desitxuratzen dituzte datuak, baina bestetik, 29.000 lagunek lan egiten duten lekuan %20ra ez iristea ez dela asko esan liteke. Edozein kasutan, erkatu beharko litzateke administrazioan izandako beste greba batzuekin, eta hor dago gakoetako bat, administrazioa ez dela, hain zuzen ere, grebarako joera duen esparruetakoa. 2008ko krisiko 2010 eta 2012ko mobilizazioetako garaietara egin beharko genuke atzera konparatzeko, ondorengo hamar urteetan ez baita grebarik egin. Beraz, egitea bera ere positibotzat har daiteke; are gehiago langile horietako milaka kalean ere mobilizatzen badira.
Mobilizazioa eta greba ez dira administrazioko sektorearen indargunetakoak, baina murrizketek gogor kolpatu dute esparrua azken hamarkadetan, eta horrek ekarri du lan berdintsua edo gehiago antzeko pertsona kopuruarekin egin behar dela, eta lan baldintza txarragoekin. Datuetatik harago, azpimarratu behar zaio beste balio bat ere asteazkeneko mobilizazioari: gizartean gero eta indartsuagoak diren pribatizazioen aurrean, zerbitzu eta sektore publikoaren defentsa.
Gizarte desmobilizatu batean, mobilizaziorako edo lan gatazkarako abiapuntu gisa hartzen bada izango da interesgarria otsailaren 15eko greba, datozen garai gogorrekin, herritarren mobilizaziorik gabe sektore publikoaren galerak –hau da, herritarrek jasotzen ditugun zerbitzu publikoak– aurrera segituko baitu.