argia.eus
INPRIMATU
Otsailaren 13ra arte mantenduko dituzte EAEn indarrean dauden neurriak
  • Ostegunean Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen indarrean dauden neurriak mantendu nahi zituela, eta erabaki horixe hartu du Labik. Eskola kirola, aldiz, baimendu egingo dute asteburu honetatik aurrera.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 28a
IƱigo Urkullu EAEko lehendakaria LABI batzordearen ondoren prentsaurreko batean (Argazkia: Irekia)

COVID ziurtagiria ezartzeko bi neurri daude indarrean gaur egun: batak, 50 lagun baino gehiagoko edukiera duten jatetxeei eta gaueko-aisiari eragiten die; besteak, ostalaritzari orokorrean eta beste eremu batzuei eragiten die, hala nola: kiroldegiei, kultur-ikuskizunei, gimnasioei, ospitaleetako bisitei... Azkeneko neurri hori urtarrilaren 31n iraungitzen da, astelehenarekin, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren baimena behar du. Datorren asteartean aztertuko du eskakizun hori, fiskaltzaren txostena jaso ondoren.

Neurri murriztaileak mantentzearen alde agertu zen ostegunean LABIren batzorde zientifiko-teknikoa, eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere bat egin zuen horrekin. Aurrerantzean ere, beraz, barnean % 60ko edukiera mantendu beharko da leku orotan, gehienez jota hamar lagun elkartu ahal izango dira barruan zein kanpoko terrazetan eta barran ezingo da kontsumitu. Ostalaritzako eta bestelako establezimenduek goizeko 1:00ean itxi beharko dituzte ateak, eta ordurako amaituta egon beharko dira mota guztietako jarduera publikoak.

Nafarroan ere ziurtagiria eta egungo neurriak otsailaren 14ra arte egongo dira indarrean, gobernuaren eskaera onartu baitu Nafarroako Auzitegi Nagusiak. ostalaritza eta gaueko aisialdia itxita egon beharko dira goizeko 1:00etatik 6:00etara, barran ezingo da kontsumitu, gehienez hamar lagun elkartu ahal izango dira eta ekitaldietara sartzeko COVID ziurtagiria beharko da. Ipar Euskal Herrian, berriz, txertatze ziurtagiria da beharrezkoa hainbat eremutara sartzeko.

Ziurtagiriaren eraginkortasuna zalantzan jarri dute eragile, aditu eta agintari ugarik, eta herritarren eskubideak urratzen dituela salatu dute sarritan. Eusko Jaurlaritzak berak ere ez du iritzi finkorik izan hura ezartzerakoan, eta orain, beste herrialde batzuetan bertan behera utzi dutenean, mantentzea eta zabaltzea erabaki du.