argia.eus
INPRIMATU
“Otorduak ordaindu behar dira”, Europako Banku Zentralaren abisua zor publiko handia duten herrialdeei
  • Neurri progresibo eta eraginkorrak hartzeko ohartarazi dute EBZren blog batean hainbat ekonomialarik; bestela, murrizketa gogorrak egin beharko dira etorkizunean, edo inflazio altuari apropos eutsi, herrialdeen irabaziak zorraren gainetik mantentzeko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 09a
Christine Lagarde, Europako Banku Zentraleko burua. Argazkia: EBZ

2013az geroztik, euroaren zonako herrialdeek free lunch edo “doako otordua” deritzen politikak aplikatu dituzte, moneta politika hedakorrak era orokor batean eta urte luzez ustiatuta. Finean, interes tipoak maila negatiboetan egon direla aprobetxatu dute –2012tik %1aren azpitik mantendu dira, baina hilabete gutxiren buruan, balio negatiboetan puntu erdi egotetik, %2’5era igo–. Horrez gain, zorraren errendimendurako adierazle diren bonuak, hamar urtetarako ematen direnak, %0tik %3’5era hazi dira herrialde zorpetuaren arabera. Gauzak horrela, Europako Banku Zentralaren blog orri ofizial batean, –Politika fiskala: doako otordutik otordu ekonomikora izena du blogak– hainbat ekonomialarik honela ohartarazi dute: “Zor publikoa, gastu handia eta kasu batzuetan jasanezina izatera ere heldu daiteke; horregatik, prezio ekonomiko batean bada ere, ordaintzen hasi beharko dugu”.

Zorrak pilatzen joan dira azken hamar urteetan hainbat herrialde, eta ekonomialari horien arabera, pandemia aurreko garaia baliatu behar zen zorra apurka kitatzen joateko. Gaur egun, Espainiak, Italiak, Portugalek eta Frantziak esaterako, Barne Produktu Gordina baino bi aldiz handiagoa dute zor publikoa. Eta ez da Europako kasua soilik: Japoniak adibidez, zor publikoa %200 handiagoa du BPGa baino.

Harrigarria bada ere, ekonomialarien arabera, eusteko modua egin dute inflazioaren bitartez. Izan ere, inflazioari esker, BPGa handitu egin da eta zorrarekiko zuten harremana apaldu, aurrez aipaturiko maila horietan bederen. Beraz, inflazioaren eskuetan geratu da herrialdeen zorpetze jasangarritasuna.

Eta orain, zorra ordaindu edo are gehiago ito?

Zorpetzen jarraitzea aukeretako bat izan daiteke, baina aintzat hartu behar da azken hamar urtetan baino maila handiagoan zorpetuko direla herrialdeak, interes-tasak oso altuak direlako –orain arte, azken hamar urteetan, tasa apalagoekin zorpetu dira estatuak; zorpetzen jarraitzen badute, zifra berrituekin egingo dute–.

Inflazioaren norantzak aginduko du EBZeko ekonomialarien ustetan, baina balantza edozein unetan desorekatu daitekeela ohartarazi dute. Zorrak birfinantzatzen dituztenean erosleak beharko dituzte herrialdeek, eta arazoa hor etor daitekeela uste dute, ea aurkituko ote dituzten. Hamabi urte baino ez dira atzera egin behar Grezia, Portugal eta Espainiarekin zer gertatu zen ikusteko.

Hazkunde ekonomikoa edo interes-tasa?

Datozen hilabeteetako makroekonomiaren norabidea gakoa izango dela diote adituek. Zor publikoa are gehiago handitzeak arriskuak ekar ditzake, baina baliteke jasangarria izatea, baldin eta ekonomia are gehiago hazten bada. Finean, interes-tasak bataz beste igo direna baino gehiago hazten bada herrialde barneko ekonomia, BPG nominala erreferentziatzat hartuta, arazorik ez dela suertatuko uste dute EBZeko ekonomialariek. Horixe da (i-g) deritzen kalkulua; g (growth edo hazkunde ekonomikoa) eta i (interes-tasak). Baina zer gerta daiteke, alderantzizkoa bada emaitza?

Noraezak agindu dezake, eta geraezina litzatekeen egoeran sartu. Inbertsoreek interes-tasa handiagoak eskatu ohi dituzte zor publiko handiak dituzten herrialdeetan, eta jasanezina bihur daiteke uneren batean.

Balizko posizio fiskal egonkor bati buruz hitz egiten dute aipaturiko blogeko ekonomialariek. Nolabait ere, i-g dinamikan emaitza positiboa izanez gero, puntu egonkor batera hel daiteke herrialdea. Baina ezinbestean ordaindu egin beharko da zorra, pixkanaka bada ere, ez dadin arrisku-egoera bereziki kezkagarririk jarri parean. Herrialde bakoitzak fiskalitatea egokitu behar duela irizten diote, eta ezinbestean, gaurtik hasita; izan ere, egileen arabera oraindik ere ekonomia hazkunde betean sartuta dago nahiz eta aparra eta indarra galtzen doan. “Neurri zehatz eta progresiboak hartzen ez badira gaur, bi aukera posible daude aurrera begira: uneren batean murrizketa ezohikoak eta latzak aplikatzea, edo etengabeko inflazio altu bati apropos eustea berarekin dakartzan kalte guztiak onartuz, EBZak eta Alemaniak baimentzen badute behintzat”.