argia.eus
INPRIMATU
Otegiri erantzuna
  • Arnaldo Otegi Sortuko Idazkari Nagusiak pasa den otsailaren 10ean Euskadi Irratiko Faktoria saioan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren

    Aurkako Mugimenduari zuzendutako akusazio larrien aurrean, gure mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua 2017ko otsailaren 13a

Arnaldo Otegi Sortuko Idazkari Nagusiak pasa den otsailaren 10ean Euskadi Irratiko Faktoria saioan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduari zuzendutako akusazio larrien aurrean, gure mugimenduak honakoa adierazi nahi du: 1. Antiguon gertatutakoaren inguruko informazio guztia eman genuenurtarrilaren 29an, hain zuzen ere Antiguon bertan emandako prentsaurrekoaren bitartez, eta horregatik ez gara horren inguruko azalpen gehiagotan luzatuko. Gertatutakoa kontatzeko orduan mugimenduak bere izena erabili du bere jarrera argi eta garbi azalduz. Sortu izan da goitik behera kontrolatzen duen txosna batzorde baten sinadurapean ezkutatu dena aurpegia ez emateko.

2. Egun gutxiko epeaz Sortuko bi arduradun nagusiek, Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik alegia, gezurti deitu diote Amnistiaren Aldeko Mugimenduari. Gure ibilbideak, ordea, beharrezkoak diren sinesgarritasuna eta zilegitasuna eman dizkigu, are gehiago horrelako eztabaida batek Sorturekin aurrez aurre jarri gaituen bakoitzean guk karta guztiak mahai gainean jarri ditugunean, beraiek bere militantzia eta Euskal Herri osoari informazioa ezkutatzen zioten bitartean. Halaxe izan da Antiguoko kasuan ere bai.

3. Azken 10 urteetan Otegik eta Rodriguezek egia esan duten kasik aldi bakarra “Bateragune auzia” izenez ezagututakoaren epaiketan Audientzia Nazional espainolaren aurrean hitz egin zutenekoa izan da. Bertan, epaileei kontatu zieten ordura arte Ezker Abertzaleko militantziari ezkutatzen ziotena. Bertan onartu egin zuten Ezker Abertzaleak erabakitakoaren kontrako lobbya osatu izana.

4.   Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua 2014an jaio zen desagertzear zegoen amnistiaren aldarriari hauspoa emateko. Orduko eta gaurko egoerak alderatuta, argi dago eztabaida kalera ateratzeko lehenengo urrats hori gauzatzea lortu egin dugula.

5. Gure mugimenduak ez du inoiz ukatu amnistiaren defentsa ildo politiko jakin baten baitan kokatzen denik, ildo horrek preso, iheslari eta deportatuen izaera politikoa eta haien duintasun militantearen defentsa, herri borrokaren eta gatazkaren historiaren inguruko manipulazioen saihespena eta errepresaliatuen aldeko borroka sustatzea bultzatzen duelarik. Bestalde, amnistiaren aldarrikapenaren bazterketa edota bera asimilatzeko bultzatutako dinamikek guk defendatzen dugunaren kontrako ildoa elikatzea bilatzen dute. Kontrajarrita daude errepresaliatu politikoen ibilbide historiko eredugarria eta Alderdien Legearen asperdurara arteko onarpena edo AVT eta enparauekin epaiketetan akordio politikoak egitea. Sortuk errepresaliatu hauen despolitizazioaren beharra dauka sisteman integratzen jarraitu ahal izateko.

6. Amnistiaren Aldeko Mugimendua ez da borroka armatua praktikatzeko jaio, eta zentzu horretan Arnaldo Otegik egindako deklarazioak benetan larriak dira, gure mugimendua errepresioaren jo puntuan zuzen-zuzenean kokatzen baitu. Ez da lehenengo aldia Otegik antzeko deklarazioak egiten dituela. Biharko egunean gure mugimenduaren aurkako prozesu judizial bat abiatuz gero, zer egingo du Otegik fiskaltzak lekuko gisa deitzen baldin badu? Komunikabideetan esandakoa berrestea? Faktoria irratsaioan esandakoak bi kalifikatzaile posible baino ez ditu Otegirentzat: esan duena egia ez balitz, gezurtiaren izendapenaren merezidun izango litzateke. Esan duena benetan sinetsiko balu oraindik izendapen larriago batena, salatariarena hain zuzen ere. Otegik berak aukeratu dezala zein gustatzen zaion gehien.

7. Bukatzeko aspalditik luzatuta dagoen gonbidapen bat Otegi eta bere alderdiari: “umekerietan” ibiltzeari utzi nahi diozunean, hemen daukazue amnistia eta errepresaliatuen inguruan termino politikoetan nahi bezain beste eztabaidatzeko prest dagoen mugimendua.