argia.eus
INPRIMATU
Otegiren inhabilitazioa bertan behera gera liteke, Bateragune auziko epai europarra baieztatu ondoren
  • Espainiako Estatuak ez dio helegiterik jarri Bateragune auziko epai europarrari eta honenbestez, behin betikoa da sententzia. Horrenbestez, Arnaldo Otegi eta harekin batera atxilotu zituzten ezker abertzaleko kideei ezarritako zigorrak bidegabeak direla baieztatu da. Kondenak beteta irten ziren kalera, baina ezarritako inhabilitazioei eragin diezaioke egoera berriak.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 20a
Otegik ezin izan zuen lehendakarigai izan 2016ko EAEko hauteskundeetan inhabilitazioaren erruz (argazkia: Aiaraldea).

Ramón Sola kazetariak Naiz-en argiratu duenez, helegitea jarriko zaio orain 2011. urtean Espainiako Auzitegi Nazionalean Bateragune auzian atxilotutakoei jarri zitzaien sententziari.

Aurretik Espainiako Auzitegi Konstituzionalean epai beraren kontra hasitako bideari gehitu behar zaio ekimen berria eta Arnaldo Otegiri ezarritako inhabilitazioa bertan behera uztea ekar dezake. 2016ko hauteskundeetan Otegik ezin izan zuen EH Bilduren hautagai izan epai horren eraginez –2021. urtera arte kargu publikoak edukitzeko aukera ukatu zion Bateraguneko sententziak–.

Naiz-en arabera, otsailaren 6an deklaratu zuen behin betikotzat Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Bateragune auziko epaia, iazko azaroan publiko egin ondoren Espainiako Estatuak helegiterik aurkeztu ez duenez.

Horrenbestez, baieztatuta geratu da Arnaldo Otegik, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Rafa Diezek ez zutela bidezko epaiketarik izan eta kartzelan pasa zituzten sei urte eta erdiak era bidegabean aplikatu zirela.

Estrasburgoren sententzia eskuan, Espainiako Auzitegi Gorenera joko du orain Otegiren defentsak Naiz-en arabera. Ikusteko dago bide horretatik altxako duten ezker abertzaleko buruzagiaren aurkako neurria ala Auzitegi Konstituzionalean lehenago abiatutako bidea izango den Otegi hauteskundeetara aurkezteko aukera irekiko duena.